26 martxoa, 2026
Jon Uriarte Garai: “Fruiztarrak berbetan”

“Fruiztarrak Berbetan” proiektuaren bidez, Fruizko hizkuntzalari Jon Andoni Uriarte Garaik Fruizko (Bizkaia) euskeraren ezaugarriak batu eta aztertu dauz modu aberasgarrian.
Idatziz eta grabazinoz jasotako euskeraren ondarea da, balio handiko altxor kultural eta linguistikoa gordeten dauena. Jon Uriartek alkarrizketak egin ebazan Fruizen, eta bizimoduari, ohiturei eta antxinako sinesmenei buruzko hainbat alderdi interesgarri jaso ebazan.
Bere tesia Deustuko Unibertsitatean aurkeztu eban (1995ean), eta 2003. urtean bere lana jasoten dauen 255 orrialdeko liburua argitaratu zan (ISBN: 84-606-3567-8).
LIBURUA DESKARGATU
(Iturria: www.Fruiz.eus)
Jon Uriartek “Fruiztarrak berbetan” lanerako egindako alkarrizketetatik, guztira 27 lekukoren 60 audio-pasarte online kontsulta daitezke:

“Fruiztarrak Berbetan” lanaren helburua Fruizko euskararen azterketa linguistikoa egitea izan da. Lan honek ondoko atalak ditu:
1. ATARIKOAK
Lehen kapituluan, ikerketa lan honen ezaugarri orokorrak eta erabilitako metodologia azaltzen dira.
2. FONETIKA: BOKALISMOA.
Bigarren kapituluan fonetika aztertzen da, eta zehazki bokalismoa. Azken helburua Fruizko triangelu bokalikoa lortzea da, eta bide batez, beste hizkera batzuetako triangeluekin konparatzea. Oroz gain, ikerketa akustikoa da.
3. FONOLOGIA: SEGMENTALAK, SUPRASEGMENTALAK (AZENTUA, INTONAZIOA).
Hirugarren kapitulua fonologiari eskainia dago. Lehenengo atalean, sistema fonetiko-fonemikoa deskribatzen da, eta honekin batera erregela fonologikoei dagozkien beste zenbait ezaugarri: ezarpen eremua, ordena eta abar. Kapitulu honen bigarren atalean, azentua eta intonazioa aztertzen dira. Bi azterketa hauek, ikerketa akustikoa dute abiapuntu.
4. MORFOLOGIA: DEKLINABIDEA, ADITZA.
Laugarren kapituluan morfologia aztertzen da; deklinabidea eta aditza, hain zuzen ere. Lehenbizi paradigmak ematen dira, eta ondoren Fruizko hizkerari dagozkion ezaugarri bereziak aztertzen dira.
5. SINTAXIA.
Bosgarren kapitulua sintaxiari lotua dago; bertan, koordinazioa eta menderakuntza aztertzen dira bereziki.
6. ERANSKINA.
Seigarren kapitulua eranskina da. Bertan, testu libreen transkripzio batzuk daude; tesi hau egiteko erabili izan den corpusaren lagin txiki bat besterik ez da.
7. BIBLIOGRAFIA.
Azkenik, ikerketa lan hau egin ahal izateko erabilitako bibliografia gehitu da.

2026ko Udaberrian, ERDUPRESS aldizkariaren 73. zenbakian Jon Uriarte Garai-ri alkarrizketa egiten zaio euskeraren egoerari buruz galdetzeko:


ALKARRIZKETA: JON URIARTE GARAI
Korrikaren ajea oraindino soinetik aldendu barik daukagula, Jon Uriarte Garai alkarrizketau dogu, euskeraren egoerari buruz galdetzeko. Jon, euskal filologian doktorea da eta 1995ean Fruizko hizkeraren azterketa linguistikoa izeneko tesia defendatu eban Deustuko Unibersidadean, eta 2003an Fruiztarrak berbetan liburua kaleratu eban, Fruizko Udalaren laguntzagaz.



1.- Lehenik eta behin, zelan deskribauko zeunke zure herriko egoera linguistikoa?
Ez da bape erreza modu laburrean galdera horreri erantzutea. Badira 30 urte pasatxo gure herriko euskeraren ganeko ikerketa egin nebana, eta ordutik hona gure berba egiteko modua asko aldatu da, gazteen artean batez be.
Esate baterako, adibide bat ipintzearren, “dx” fonema aitatu gura neuke. Fruizen, Arrietan eta Morgan, beti esan izan dogu “dxan”, “dxoan”, “dxakin”…, eta gaur egun be helduagook holan esaten dogu, baina gazteek “yan”, “yoan”, “yakin”… esaten dabe, Mungialdeko herrietan legez.
Bardin gertatzen da “-i” amaierako berbei “a” artikulua gehitzean. Lehen, “txarridxe”, “ogidxe”, “begidxe” esan izan dogu, eta gaur egungo gazteek, “txarrie”, “ogie” eta “begie”… esaten dabe. Fruizen eskolarik ez egoteak eta gure umeak Mungialdeko eskoletara joateak badauka zerikusirik auzi honetan…
2.- Zer esan zeinke euskerak herriko egunerokoan daukan presentziaz?
Hori be ez da galdera erreza, begiratzen jakon ikuspuntuaren araberakoa izan leikelako erantzuna.
Fruiz, betidanik izan da herri oso euskalduna, baina sasoi batean arlo formalerako gaztelania erabiltzen zan: eskolan, udaletxean, iragarkietan, medikuagaz eta abar. Orain, euskera arlo formalean erabilteko erraztasun handiagoa dago, egia da, baina neurri batean (ez naz ausartzen esaten zenbateraino) kalea galtzen ari dala esan daiteke, batez be ume eta gazteen artean. Joera hau oso arriskutsua izan daiteke Fruizelako euskararen arnasguneetan.
3.- Zer dala eta gertatzen da hau?
Ez dakit, ertz askotatik erantzun leikio galderari.
Oro har, esan daiteke hizkuntza bera transmititzen dogula, euskera irakasten deutsegu gure umeei, baina euskeragaz batera doazen behar-beharrezko erreferenteak airean gelditzen dira. Euskera komunikazino-kode bat bakarrik bailitz legez jasotzen dabe, bizitza ikuskera propio barik.
Gure gazteek Isabel Pantoja bai, baina Erramun Martikorena ezagutzen ez badabe, edo Cervantes bai baina Axular ezagutzen ez badabe…, hor eten baten antzerako zeozer gertatzen da, ez dogu hizkuntza bere osotasunean transmitiduten. Eta gabezia horreri aurre egitea, nire ustez, funtsezkoa da hizkuntzaren normalizazinoan aurrera egin ahal izateko.
Aparteko aitamena merezi dabe euren seme-alabei euskera eginarazoten deutsen gurasoak, baina euren artean gaztelera hutsean ibilten direnak, gure hizkuntza helduentzako modukoa ez balitz legez. Umeak azkar antzematen dabe hori, eta nagusitxoak egiten doazen neurrian erdarara lerratzen dira.
4.- Zer egin leike gazteen artean euskeraren erabilera sustatzeko?
Gakoa da euskerari presentzia handiagoa emotea aisialdian eta gazteen interesguneetan: musika, kirola, sare sozialak, eta abar.
Beste alde batetik, euskera bezalako hizkuntza txikien kasuan, esan izan da ez dala inposatu behar, balizko hiztunen borondatezko atxikimendua lortu behar dala, baina errealidadea tematia da, eta erakusten deusku hizkuntza txikiak ez diran beste guztiak inposatuak dirala, hau da, euren herrialdean derrigorrezko dirala. Eta hori ozen esan behar da, konplexu barik!
5.- Eta herri mailan, zer ekimen ari dira martxan jartzen?
Nire ustez, ekimen-sorta oso baliagarriak egiten dira. Euskerazko ekitaldien agenda inozkorik oparoena da gaur egungoa: kantaldiak, bertso bazkariak, antzerkia, liburu aurkezpenak, hitzaldiak…
Honegaz danagaz jarraitu behar da, bertara jente gaztea erakarriz, ahal dan heinean.
6.- Onintza Enbeitak, Korrika amaitu zanean, Bilbon esan eban “Arnasguneak esaten danien, jenteak pentsetan deu museoak garala, prehistoriokoak…”. Zer da “arnasguneak” izatea? Zer ardura daukagu herri txikiok?
Ez dakit inoz gertatu jatzuen, niri bai behin baino gehiagotan. Euskerak presentzia txikia daukan herri ala hiri bateko lagun bategaz egotea, eta harek ez sinestea, egun askotan, euskera bakarrik erabiliz egiten dogula egun osoko jarduna, bape gaztelaniarik erabili barik.
—¿Pero sólo en euskera?— itaunduko dabe.
Nik harro-harro erantzuten deutset baietz, ez daukadala gaztelaniaren beharrizanik. Hau da hizkuntzaren arnasgune deitzen dogun horren partaide izatea.
Eta euskeraren jabe ez direnak, jakin egin behar dabe bagarala gizataldeak euskeraz bakarrik bizi gura ez eze, euskera hutsez bizi garenak gure bizitzako egun askotan. Mundu hori egon badagoala, eurak bizi diren lekutik oso kilometro gitxira, eta hortik kanpo gauza asko galtzen direla be jakin behar dabe. Pena barik, inbidia sanoa sentiarazo behar deutsegu, guk eurek baino aukera bikotxa daukagulako bizitzaz gozatzeko.
Beraz, herri txikietan hori bermatu behar dogu, egun osoan euskera hutsez bizi ahal izatea, nahiz eta askotan erreza ez izan. Herri oso euskaldun baten nahikoa da tabernari erdaldun bat egotea inguru horretan euskeraren erabilera asko kaltetzeko, eta honeri aurre egitea ez da bape samurra.
7.- Euskaltzaleon Kontseiluak (euskeraren aldeko eragile sozialen bilgune nagusiak) dino Arnasguneetakoak garen herritarrok, euskaltzaleok, indarrak batu behar doguzala alkarregaz antolatu eta urratsak emoteko. Zer deritxozu?
Euskaltzale moduan, zer eritxiko deutsot ba? Ezinbesteko. Aspalditik ikusten dan beharrizana da hori.
Hor daukagu, esate baterako, UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea. Hiru ildo nagusi daukaz erakunde honen jardunak; lehenengoa udalerrian euskeraz bizitzeko hutsuneak gainditzea eta erabilera sustatzea, bigarrenik euskal hiztun komunidadearen ahalduntzea, eta azkenik udalerri euskaldunen eta arnasguneen zaintza eta garapena.
Hau bada modu bat euskaltzaleon indarrak batzeko eta alkarregaz urratsak emoteko. Dana dala, formula barriak be bilatu beharko dira. Arnasgunekide garenoi dagokigu gure komunidadea sendotze bidean urratsak emotea, harrokeri barik, baina aldi berean harro.
Honegaz batera, behetik gorako bideari be ekin behar jako, hau da, herri txikietako hiztunek hartu behar dabe gidaritza, hausnarketa guneak sortu, herrian bertan eta eskualdean. Udalen zeregina, auzi honetan, gune horreetan urtetan daben ideak eta proposamenak bermatzea izango litzake.
Ez da erronka makala, baina aurtengo Korrikak emon deuskun bultzadari jarraipena ez emotea parkaezina litzake.
8.- Amaitzeko, baikorra zara euskararen etorkizunari jagokonez herri honetan?
Euskeraren etorkizuna jokoan dago, ez Fruizen bakarrik, Euskal Herri osoan baino. Euskera, milaka urte daukazan hizkuntza izanik, XXI. menderaino heldu da arlo formaleko esparru guztiak (administrazinoa, irakaskuntza, komunikabideak…) debekatuta zituela orain gutxira arte.
Halan be, etxeko intimidadea eta kalea bereak zituen, eta horreek nahiko izan ditu bizirauteko. Orain, ostera, alderantzizkoa gertatzen dala esan daiteke; legebiltzarrak, unibertsitateak, irrati-telebistak… irabazi doguz, baina kalea galtzen hasita gagozela emoten dau.
Arlo formal barik biziraun dau euskerak, baina kalea galtzen badau, akabo. Azken urteotako kale-erabilera datuak oso-oso kezkagarriak dira, ez dira baikor egoteko modukoak; edozein modutan, euskaldunok tematiak gara, eta gauzak estu ikusten doguzanean badaukugu holako joera berezia biziraupenerako.


Egilea Elorriaga Zubiagirre









