13 abuztua, 2026
Bi eklipse, herri bat: Fruiz
2026ko abuztuaren 12a betiko lotuta geratuko jat irudi berezi bati: Eguzkia poliki-poliki Sallebante mendirantz jaisten, Ilargiak bere argia estaltzen eban bitartean.

Aizpurun nengoan, Fruizen, Andeko auzorantz begira, eta hainbeste bider ikusitako paisaia beste itxura bat hartzen hasi zan. Argia moteldu egin zan, koloreak apurka itzali ziran eta, minutu batzutan, eguna gure begien aurrean aldatzen ari zala emoten eban. Eklipsea eta arratsaldeko azken argia bat egin ziran, azkenean Eguzkia Sallebanteko ermitaren atzean ezkutatu zan arte.
Txori batek eklipsea zeharkatzen dau, atzean Sallebante dauala.



Eklipsea konpanian ikusten: Iurgi, Jon, Ander, Ainara, Jon, Iker

Une hareetan, beste eklipse bat etorri jatan gogora: 1905eko abuztuaren 30ekoa, eguaztenez, orain 121 urte. Orduko Fruiz oso bestelakoa zan. Eguerdia zan, eta baserrietako bizimodua ortuen, uztaren eta abereen inguruan antolatuta egoan. Auzoko batzuk soloan beharrean egongo ziran, beste batzuk abereak jagoten eta etxeetan bazkaria preparetan. Batzuek eklipsearen barri aurretik eukiko eben, beharbada Mungian entzunda edo Bilbotik ekarritako egunkariren baten irakurrita; beste batzuek, ostera, ez eben jakingo zer gertatuko zan, eta eguerdiko argia bat-batean aldatzea benetako ezustea izango zan.
Eklipsea ikusteko, batzuek kristal ketuak prestatuko ebezan, orduko behaketa-moduetako bat. Gazteren batek etxean bertan belztuko eban kristala, suaren keagaz, eta unea heltzeko zain egongo zan. Fruizen eklipsea ez zan guztizkoa izan, eta hodeiek behaketa zaildu eikien, baina argiaren aldaketak nahikoa izango eban egun arrunta ezohiko bihurtzeko.
Honeek urte honetako eklipsearen inguruan jenteagaz partekatu ahal izan dodazan berbaldi eta kontuetan, Ainhoak kontetan deust Lekeitioko portuan lekuko izan dala zelan kaioak hegaz amontonatu eta karrasi egin eben eklipsean eta haren ostean; eta auzoko Jon-ek kontetan deust oiloak oilategira sartu zirala lo egitera.
Aurten eklipsea arratsalde-iluntzean izan danez, ez da gatxa sinistea 1905eko kontakizunetan agertzen diran animalien erreakzioak, eguerdian ezusteko iluntasun haren aurrean: orduz kanpo kukurruku egiten eben oilarrek, txakurrak urduri eta txoriak babes bila. Fruizko baserrietan be, animalia guztiek igarriko eben zerbait arraroa gertatzen egoala, eta espero bako moduetara erantzungo eben.

Hori guztia Euskal Herria aldatzen ari zan garai baten gertatzen zan. Bizkaian meatzaritzak eta industriak indar handia eukien, Bilboko itsasadarrak jarduera handia eukan eta langileen gatazkak albisteetan agertzen ziran. Trenak Mungia Bilbogaz lotzen eban, eta mundu barri bat gero eta hurrago egoan. Baina Fruizen, oraindino, baserriak eta lurrak markatzen eben eguneroko bizimodua.
Eta urte haretan bertan, 1905eko abuztuaren 3an, Laukizen Esteban Urkiaga jaio zan, geroago Lauaxeta izenez ezagutuko zan poeta eta euskal kulturaren berritzailea. Eklipsea gertatu zanean 27 egun baino ez eukazan. Orduan inork ezin eban jakin ume haretan etorkizuneko euskal kulturaren ahots garrantzitsu bat egoala.
Baina 1905eko Fruiz haretako eklipsea ulertzeko ez dogu bakarrik zientziara begiratu behar. Ahozko tradizinoak beste mundu-ikuspegi bat be gordeten eban. Euskal mitologian zerua Urtzi, Ortzi edo Urtz izenez lotu izan da; Eguzkia beste aldaera batzuetan Eki edo Ekhi; Ilargia Ilargi, Ilazki edo Idargi; eta Lurra, Ama Lurragaz lotuta. Izen horreek ez ziran naturako elementuak izendatzeko berba hutsak: naturaren indarrak eta izaki sakratuak ulertzeko modu baten parte ziran.
Tradizino batzuetan Eguzki Lurraren alaba zan eta, mendebaldetik ezkutatzen zanean, bere amarengana itzultzen zan. Gernika inguruan jaso zan haren agur ederra: Eguzki santu bedeinkatue, zoaz zeure amagana. Eguzkiaren argiak babes-indarra be eukan, eta horren lekuko da eguzkilorea, baserrietako ateetan jartzen zan Eguzki-lorea. Iluntasunagaz batera, ahozko tradizinoan beste mundu bat agertzen zan: sorginak eta mendiekin, leizeekin eta gauegaz lotutako beste izaki batzuk.
Agian Fruizko gazte batek galdetuko eban zergaitik desagertzen zan Eguzkia eguerdian, eta nagusi batek astronomiaren azalpena emongo eutsan. Baina, aldi berean, bere guraso eta aitita-amamengandik jasotako mundua eukan gogoan: Urtzi zerua, Eguzki edo Eki/Ekhi Eguzkia, Ilargi edo Ilazki Ilargia eta Ama Lurra euren azpian. Ez dogu jakiterik zer istorio kontauko zan egun haretan Fruizen, baina badakigu belaunaldiz belaunaldi transmitidutako ikuspegi horrek naturari buruzko beste hizkuntza bat emoten ebala. Eklipseak, beraz, azalpen astronomikoa eukan, baina baita esanahi kultural bat be.
Horixe pentsau neban 2026ko eklipsea Aizpurun bizi nebanean. Gaur badaukaguz eguzki-betaurrekoak, kamerak, telefonoak eta kalkulu astronomiko zehatzak. Badakigu noiz hasiko dan eta zer gertatzen dan. 1905ean, ostera, kristal ketua, egunkaria eta ahozko barriak izan eitekezan lagungarri. Baina, azkenean, gauza bera egin genduan: gelditu eta begiratu.
Kointzidentzia ederra da bi eklipseak eguaztenez gertatu izana: 1905eko abuztuaren 30ean eta 2026ko abuztuaren 12an. Ordukoa eguerdian izan zan, laneko egunaren erdian; oraingoa, barriz, arratsaldearen amaieran, iluntzeagaz batera. Orduan Eguzkiak eguerdiko Fruiz ilundu eban; gaur, Ilargiak estalitako Eguzkia Sallebanteko ermitaren atzean desagertu da.


Eta irudi horregaz geratuko naz. Aizpuru, Andeko, Sallebante eta ermita; Eguzkia mendirantz jaisten eta Ilargia haren aurretik. Une batez, gaurko Fruiz eta 1905eko Fruiz leku berean batu ziran nire begietan.
Agian horixe da eklipse baten benetako magia: denboran zehar gure burua eta gure arbasoak lotzen gaituan une bat sortzea.
Gaurko Fruizek eta 1905eko Fruizek zeru bera daukie gainean; Urtzi edo Ortzi, zerua; Eguzki, Eki edo Ekhi, Eguzkia; Ilargi, Ilazki edo Idargi, Ilargia; eta Ama Lurra, oinen azpian.
Haiek izen horreek erabili ebezan mundua ulertzeko eta istorioak belaunaldiz belaunaldi transmitidu ebezan. Gaur, Aizpurutik, zerura begiratzean, ez dogu bakarrik eklipsea ikusten: gure arbasoekin eta euskal kulturaren memoria horregaz lotzen gaituan zerbait sentitzen dogu.

Egilea Elorriaga Zubiagirre







