fruiz kirkiñetu kirikiñausi kirikiñotoki bizkaia kirkiñitu

26 uztaila, 2026

Kirkiñetu: toponimo baten jatorriari buruzko hipotesia

Aspalditik badago Fruizko toponimo bat nire arreta bereganatzen dauena: Kirkiñetu.

Herrian dagoan 168 metroko mendi txikia da, basoz eta baso-landaketaz inguratuta. Bizkaiko landa-eremuetako toponimo askogaz gertatzen dan moduan, izena gaur arte heldu jaku, baina zergaitik hartu eban ez dakigu.

Jatorriari buruzko azalpen dokumentaturik ez dago gaur egun. Hain zuzen be, hutsune horrek bultzatu ninduan galdera hau egitera: baliteke Kirkiñetu izenak antxinako Kirikiñausi-en oroimena gordetea? (beste izen batzuekin bebai ezagunak: Kirikiñotokie, Kirikiñosie, Kirikiño-ezie, Kirikiñusie…)

Berba horreek guztiak, mendietan ta basoetan, gaztainak gordeteko erabiltzen ziran egitura tradizionalak izendatzeko erabilten ziran.

Ez dot hipotesi hau egia frogatutzat aurkeztu gura. Aitzitik, nire gogoeta pertsonala da, Kirkiñetu eta kirikiñausi, kirikiñotokie, kirikiño-ezie edo kirikiñausie berben arteko antz fonetiko nabarmenean oinarritua.

fruiz kirkiñetu kirikiñausi kirikiñotoki bizkaia kirkiñitu
Kirikiñausi baten irudikapena, Kirkiñetu mendiko Plakone auzoan. (Jose Ramon Elorriaga. Fruiz, Bizkaia)

Kirikiñausia: “ericera” baino askoz gehiago

Gaztelaniaz “Ericera” (lugar de erizos) izenez ezagutzen dira, baina euskerazko izenak berak argi erakusten dau egituraren zeregina:

Labayru Fundazioak azaltzen dauanez, kirikinausi berbea kirikino (gaztainaren kirikia edo lakarra) eta hesi (hesia edo itxitura) hitzetatik etor daiteke. Hau da, “gaztainaren kirikinoak gordeteko hesia”. Era berean, Kirikiñotokie izena kirikino-k (gaztainaren kirikia edo lakarra) eta tokie-k (lekua edo tokia) osatzen dabe.

Gaztainak batu ostean, oraindino kirikino barruan egozan bitartean, kirikiñausi barruan pilatzen ziran hilabete baten edo biren inguruan. Han heltzen amaitzen eben, gorosti, iratze eta adarrez estalita, kirikinoa berez zabaltzen zan arte.

Aldi berean, egitura horreek uzta babesten eben, batez be basurdeen aurrean, baina baita beste hainbat animaliren aurrean be, gaztaina udazkeneko elikagai baliotsuenetako bat zan eta.

Lehenengo kirikiñausi / kirikiñotokiek ez ziran harrizkoak

Gaur egun Orozkon ikus daitekezan kirikiñausi ospetsuak harriz egindako egiturak dira. Horma zirkular sendoak daukiez, eta Euskal Herrian kontserbatzen diran adibiderik onenetakoak dira.

fruiz kirkiñetu kirikiñausi kirikiñotoki bizkaia kirkiñitu
Kirkiñetuko basoetan legokeen harrizko Kirikiñausi edo Kirikiñotokiren irudikapena. (Jose Ramon Elorriaga. Fruiz. Bizkaia)

Baina, nire ustez, hemen dago hipotesi honen gakoetako bat: Ikerketa etnografikoek erakusten dabenez, lehenengo kirikiñausi-ak ez ziran harriz egiten, egurrez baizik.

Kobie aldizkarian argitaratutako ikerketek azaltzen dabenez, hasierako kirikiñausi-ak egurrez, makilez eta adar txirikordatuz egindako hesi biribilak ziran. Basoan bertan aurkitutako materialakaz egiten ziran, eta gaztainak kirikinoagaz batera gordeteko balio eben.

Horrek ondorio oso garrantzitsua dauka Fruizko Kirkiñetu inguruarentzat: Egitura hareek material guztiz galkorrez eginda egozan. Denboraren poderioz egurra usteldu, adarrak desegin eta hesia guztiz desagertzen zan, lurrean ia aztarnarik itxi barik.

Horregaitik, Kirkiñetu izena antxinako kirikiñausi bategaz lotuta balego, ez leuke zertan gaur egun aztarna arkeologikorik geratu behar.

Nire eretxiz, hori ez da hipotesi honen kontrako argudio bat; alderantziz, guztiz bateragarria da gaur egun dakigunagaz.

Geroago baino ez ziran hasi harrizko kirikiñausi edo “ericera” iraunkorrak egiten. Horreetako batzuk dira gaur arte heldu diranak, eta Orozkon ikusi daitekezanak.

Horregaitik, Orozkon harrizko kirikiñausi ugari kontserbatzea eta Kirkiñetun aztarnarik ez agertzea ez dira egoera kontrajarriak. Oso litekeena da bata eta bestea garai desbardinetako egiturak izatea: Orozkon, harrizko fase berantiarraren lekukoak daukaguz; Kirkiñetun, ostera, baliteke lehenengo hesi begetalen oroimena baino ez geratzea, toponimoaren bidez.

fruiz kirkiñetu kirikiñausi kirikiñotoki bizkaia kirkiñitu
Kirkiñetuko basoetan legokeen egurrezko Kirikiñausi edo Kirikiñotoki baten interpretaziozko ilustrazioa. (Jose Ramon Elorriaga. Fruiz. Bizkaia)

Gaztainaren garrantzia Fruizen

Gaur egun gaztaina udazkeneko sasoiko fruitu moduan baino ez dogu ikusten askotan. Halan da be, mende askotan zehar Bizkaiko eta Euskal Herriko elikaduran funtsezko lekua euki eban.

Artoa XVI. mendean Amerikatik heldu aurretik, eta geroago patatea zabaldu baino lehen, gaztaina baserritarren oinarrizko elikagaietako bat zan. Egosita, erreta edo lehortuta jaten zan, eta baita ehotuta be, irin moduan erabiltzeko.

Horregaitik, gaztainadiak balio handiko ondasunak ziran. Familia askoren neguko elikadura neurri handi baten gaztainaren uztearen menpe egoan. Horrek azaltzen dau zergaitik egiten ziran kirikiñausi moduko egiturak: uztea babesteko eta ahalik eta ondoen kontserbetako.

Labayru Fundazioak gogorarazoten dauanez, XX. mendearen lehen hamarkadetara arte gaztainondoak ugariak ziran Bizkaiko mendi-hegal askotan. Geroago etorri ziran pinudi handiak, eta horrek paisaia eta basoen erabilerea goitik behera aldatu ebazan.

Fruiz bezalako herri batean, klima eta lurzorua gaztainondoa hazteko egokiak izanik, guztiz zentzuzkoa da pentsatzea gaztainaren ustiapena garrantzitsua izan zala eta, horren ondorioz, kirikiñausi moduko egiturak be egotea.

fruiz kirkiñetu kirikiñausi kirikiñotoki bizkaia kirkiñitu
Fruizko Plakone auzoan gaztaina-batzea irudikatzen dauen ilustrazioa. (Jose Ramon Elorriaga. Fruiz. Bizkaia)

Europako beste lurralde batzuetan be bazeuzan antzeko egiturak

Gaztainak babesteko eraikuntzak ez ziran Euskal Herriko berezitasun hutsa. Gaztainondoak garrantzi handia euki eban Europako eskualde askotan antzeko egiturak aurkitzen dira, nahiz eta izen desbardinak hartu.

Asturiasen corripas edo corras esaten jake. Galizian ouriceiras izenez ezagutzen dira. Kantabrian ericeras deitzen dira.

Frantziako hegoaldean eta Italiako iparraldean be gaztainak basoan bertan gordeteko eta heltzen ixteko antzeko itxiturak eta biltegi txikiak erabili izan ziran. Horrek erakusten dau arazoa bera zala leku guztietan: gaztainak babestu behar ziran animalien aurrean, eta denpora batez mendian bertan gorde, kirikinoa berez zabaldu arte. Euskal Herriko kirikiñausi tradizino europar zabal horren barruan ulertu behar dira.

Kirkiñetu izenaren inguruko nire gogoetea

Ez dot dokumenturik aurkitu Kirkiñetu izena kirikiñausi edo kirikiñotokie berbetatik datorrela frogatzeko. Baina ez dot aurkitu kontrakoa esaten dauen dokumenturik be. Horregaitik, nire ustez merezi dau aukera hori mahai gainean jarteak. Toponimoek sarritan mendeetako ahozko transmisinoa baino ez dabe izaten atzean. Denporaren poderioz, berbak laburtu egiten dira, silabak galdu, soinuak aldatu eta tokian tokiko ahoskerara moldatzen dira. Horregaitik ez neuke ezelako harridurarik hartuko Kirikiñotokie bezalako izen luze bat belaunaldiz belaunaldi laburtuz joan eta azkenean Kirkiñetu bihurtu izan balitz.

Ez da frogatuta dagoan eboluzino fonetikoa. Baina bai da, nire eretxiz, aztertu beharreko aukera sinesgarri bat.

Gainera, hipotesiak baditu aldeko hainbat elementu:

  • Antz fonetiko nabarmena;
  • Fruiz inguruan gaztainondoek izan eben garrantzia
  • Kirikiñausi egituren existentzia dokumentatua Bizkaian
  • eta lehenengo egiturak hesi begetalak izatea, aztarna arkeologikorik ez ixteko modukoak.

Horregaitik, Kirkiñetun aztarnarik ez egoteak ez dau hipotesi hau ahultzen; nire ustez, indartu egiten dau.

Agian inoiz ez dogu jakingo Kirkiñetu izenaren benetako jatorria. Baliteke etorkizunean dokumenturen bat agertzea hipotesi hau baztertuko dauena. Edo, alderantziz, baieztatuko dauena. Baina gaur egun daukagun informazinoagaz, uste dot bidezkoa dala aukera hau plazaratzea eta eztabaidarako bidea zabaltzea. Azken baten, toponimia ez da mapetan agertzen diran izenen bilduma hutsa.

Toponimo bakotxaren atzean gure arbasoen bizimodua, hizkuntza, lana eta paisaia ezkutatzen dira. Eta baliteke Kirkiñetu izenak, mende askoren ostean, Fruizko mendietan egon ziran Kirikiñausi hareen azken oroimena gordetea.

fruiz kirkiñetu kirikiñausi kirikiñotoki bizkaia kirkiñitu
Plakonetik ikusitako Kirkiñetuko bisten interpretaziozko ilustrazioa, lehen planoan Kirikiñausi/Kirikiñotoki bategaz.
(Jose Ramon Elorriaga. Fruiz. Bizkaia)

Erabilitako iturriak

  • Labayru Fundazioa. Kirikinausiak: construcciones singulares en el monte. Kirikiñausi-en jatorria, erabilerea eta Orozkon kontserbatzen diran adibideak azaltzen ditu.
  • Atlas Etnográfico de Vasconia (ETNIKER). Gaztainaren ustiapena eta Euskal Herriko kontserbazino-sistemak jasoten ditu, baita kirikiñausi eta antzeko egituren erabilerea be.
  • Kobie. Antropologia Kulturala. Bizkaiko gaztainaren ustiapen historikoari eta lehenengo kirikiñausi begetalen inguruko erreferentziak batzen ditu.
  • Ibabe, Enrike; Lujanbio, M.ª Juana. Ericeras en el Macizo del Gorbeia (Zainak, Eusko Ikaskuntza). Gorbei inguruko harrizko ericera-en azterlanik garrantzitsuenetako bat.

Egilea Elorriaga Zubiagirre

Ezagutu artista

Bizitzan zehar "bizi-bultzadak" eraman nau adierazpen plastikoaren. bidetik. Hark energia oparo bat jartzen dizu eskura, arimaren espazio intimoenak birdefinitzeko. Medikua lanbidez, mendiaren, arte plastikoen eta idazkeraren sutsua. Etxean, estimuluen bidez, marrazketarako eta pinturarako bokazioa piztu zen. Ezagutu pixka bat gehiago nire istorioa, nire inspirazio iturriak eta nire sormen-bidearen jatorriari buruz.

elorriagazubiagirre.com

InstagramFacebookLinkedinYoutubeXPinterest
Jose Elorriaga
jose ramon elorriaga zubiagirre
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.