27 otsaila, 2026
Arabar Errioxa. Fruituen lorategia
Arabako Errioxako fruituen lorategitik
2016ko mahats bilketa egun baten kronika / Arimaren Ibiltariak idatzia eta sentitua
Jose Ramon Elorriaga Zubiaguirre
Goiza poliki-poliki argitzen hasi zan. Paisaia begira jarri nintzanean, momentu batez pentsau neban mahastian larrialdi bat egoala. Goizeko 7:30ak ziran eta argia oraindino urria zan. Zerua garbi egoan, kolore arrosaz margotuta, eta eguzki eguna ederra zetorrela iragarten eban.

ESKUALDEAN GOIZA ASTIRO ASTIRO ARGITZEN ZAN…
Mahastietan zehar argi distiratsuak ikusten ziran, keinuka. Norabide guztietan mobiduten ziran. Laguntza eta abisu argiak zirudien. Etxe ondotik traktoreak pasetan ziran, atoi handiekin, eta barruan erreskatatzaileak. Etnia desbardinetako gizonak ziran. Ez eben berbarik egiten eta arropa ilunak eroaten ebezan, buruan txapel edo kapelakaz.
Une batez pentsau neban erreskate talde handi bat arrisku handiko misio batera joaten zala: zerbait edo norbait salbetara.
Eta egia esan, Arabar Errioxako mahastiak sutan egozan. Sutan, mahats zoragarriz beteta, esku trebeek korketeagaz askatu daiezan zain. Ia ehun milioi kilo mahats dagoz bilduak izateko zain, datozen gau luze, euritsu eta tristeen aurretik. Beraien patua bete gura dabe: ardao bihurtzea.

Arabako Errioxako fruituak
Arnasten dan aireak eta ikusten dan koloreak dana esaten dabe. Mahastiaren zikloa amaitzear dago. Mahats sortak distiratsu dagoz goizeko ihintzaren azpian, eta hostoak zimelduz doaz, tolestuz.
Norbaitek jakin gura badau ardaoak hartu leikezan koloreak, nahikoa dau mahats-orri baten azkeneko garaiko kolore gama arretaz begiratzea. Hosto bakar bat liburu bat da: abuztuko egun beroetan babestu dauan fruituaren handitasuna kontetan dau.

Gaur eguneko mahats bilketak ez dira lehen bezain koloretsuak. Gutxiago dira lehen herriak ke usainaz, zalapartaz eta arropa zintzilikaz beteten ebezan familia ijitoak. Orain giroa apalagoa da.
Nagusi dira gazte beltzaranak, itxura atletikokoak, eta lanean errekor guztiak apurtzen dabez. Pertsona bakar batek egun baten 2.500 kilo mahats moztu leikez. Jokaera hezia eta isila daukie. Danek diñoe pertsona onak eta langile bikainak dirala. Mahats bilketearen abentura hau ere eurena da.
Bidean noan heinean, argia udazkeneko ortzadar bihurtzen da. Gorrien eta horien inauteria bizi gura dauanak, Arabako Errioxako mahats bilketako egunsenti eta iluntzeak bizi behar dauz.
Sarri bide bazterrera apartau behar izaten dot, mahats bete-betean datorren atoi bat azkar pasetan dalako. Usain berezi bat ixten dau atzetik: muztio usaina, eta tantaka erortzen dan zukua. Bideko gorabeheretan atoiak salto egiten dau, eta mahats sortak jausten dira; nire txakur Lorak gustura dastetan dauz.

Lora gustura jaten dau eroritako mahats sorta!
Eper talde batzuk ere ikusten dira, harrituta euren lurraldean sortu dan mugimenduaz.
Ibilaldi osoan bi enara baino ez dodaz ikusi, batera hegan egiten, Arabako Errioxatik alde egiteko nagitasun apur bategaz. Hemen jaio dira eta zerua mila aldiz urratu dabe… Beharbada ikusi gura dabe mahatsa dolareetan sartzen, gero Afrikan kontetako.
Atoiak upategi handien ateetan batzen dira, balantza eta gradu-neurgailutik pasetako. Jabeek berbak trukatzen dabez: zein mahastik ze gradu emon dauan, zein kargak. Arabako mila eta bostehun mahastizain familien artekoak dira.

Mahatsa bilduta dagoan mahasti batzuetan oraindino sorta asko itxi dabe moztu barik. Hori arauak eskatzen dau: hektareako gehieneko kilo kopurua errespetatu behar da.
Nekazari batek esan deust 2016ko uzta honetan 25.000 kilo mahats itxiko dauzala soroan usteltzen. Ez dau paperik guztiarentzat. Uzta oso oparoa izan da.

MAHASTIZAINEK mahatsak kentzen dabez, gelditzen diranak hobeto heltzeko.
Beste batzuek diñoe euren mahatsak 12º eta 12,5º arteko graduazioa emon dauela, baina gaur egun merkatuak 13º edo 13,5º eskatzen dauz. Gogoratzen dabe lehen Eltziegon graduazio horiek normalak zirala; beste garai batzuk ziran, beste zapore eta moda batzuekaz.
Dana fruitu usainez beteta dago. Pikuondoen azpian, pikuak eztizko bonboiak dira. Mahastietan, abuztuan lurrera botatako sorten mahaspasak dagoz. Lurrean usteltzen dira madari ederrak eta irasagarrak, eta aran basatiak inork ez dauz jasoten lehen egiten zan moduan.

Lorarentzat zaila da niri jarraitzea, lurrean gauetan etorten diran gozozaleen arrasto asko dagozalako.
Herrietan tolbak eta despalilladorak entzuten dira. Atoi hutsak gezi modura urteten dira karga barri baten bila.
Arabako Errioxako ardao ona egitearen egiazko balentria hau da: gaur mahastiak ematen dauzan sentsazio guztiak kopa baten barruan sartzea. Atoiek ekarten dabena lur berezi honen mirari askoren fruitua da.

Esango neuke begiekin entzuten dodala horien sinfonia. Neblina arin batek dana urtzen dau, egunak berotu ahala altxatzen dana. Hostoek inspirauko dabe upategietan jaioten dabilen ardaoaren kolorea. Gero haizeak eroango dauz, lurretara bueltatzeko.
Lora eta biok gogoratuko dogu Arabako Errioxako fruituen lorategitik egindako paseoan ikusi, usaindu eta dastatu doguna.

Mahasti asko bilduta dagoz, baina oraindino karga handiak gelditzen dira soroan. Lurrean edo adarretan itxitako mahats pila ikusita, harritu egiten naz duela bi egun Torremontalbon gauez lapurtutako 3.000 kilo mahats gogoratzean. Bide ondoko mahasti baten izan zan, ertzetako mahatsondoak bakarrik itxita lapurretea ezkutatzeko.
Momentu honetan vendimiatzaile askok milaka kilo mahats oparituko leukiez. Susmoa daukat mahats horreek frutadendetara joango dirala…
Osasuna!

Iluntzen hasten danean, leihoatik ikusiko dodaz berriro erreskatatzaileen argi keinukariak, eguneko azken kargagaz bueltan. Lasaiago egingo dabe lo, egun lehorrak iragarrita dagozalako.
Baina…
Mahastitik bizitzeak beti dauka “duda handi bat” bat: gaur uztaren zenbatekoa, eta bihar ordainaren zenbatekoa.

Egilea Elorriaga Zubiagirre







