Sallabante Fruiz San Lorentzo

24 uztaila, 2026

Sallebante izenaren jatorria

Sallebante “San Llorente”ren euskal aldaera zaharra al da?

Leku-izenak ez dira kasualidadez sortzen. Mendeetako historiaren, hizkuntzen bilakaeraren eta bertan bizi izan diranen oroimenaren emaitza dira. Askotan, dokumentuek izenak aldatzen dabez, baina toponimiak antxinako formak gordeten ditu.

Horixe izan leiteke Fruizko Andeko auzoko Sallebante izenaren kasua, non San Lorentzo baseliza dagoen.

San Lorentzo baseliza Sallebanten. Andeko. Fruiz (Bizkaia)

Idatzi hontan azaltzen dodan hipotesiaren arabera, Sallebante San Llorente izen zaharraren euskal aldaera izango litzateke, hau da, gaur San Lorentzo Martiria lez ezagutzen dogun santuaren Erdi Aroko izenetako baten bilakaerea.

Hasieran hipotesi ausarta dirudi. Baina Bizkaiko eta Gipuzkoako toponimia eta dokumentazino historikoa aztertzen hasten garanean, eredua behin eta barriro errepikatzen dala ikusten dogu.

Latinezko Sanctus Laurentius izena Erdi Aroan hainbat eratara agertzen zan: San Laurenti, San Lorente eta San Llorente.

Denboraren poderioz, San Llorente izena erabilten eben eleiza, ermita eta herri askok San Lorentzo forma kultua hartu eben. Aldaketa hori gaztelaniaren bilakaereak berak eta Eleizearen administrazinoak bultzatu eben; izan be, pixkanaka-pixkanaka, San Lorentzo izena nagusitu zan dokumentu ofizialetan.

Toponimia, ostera, askoz kontserbadoreagoa izan da beti. Dokumentuek San Lorentzo erabilten hasi arren, herritarren ahozko erabilerak antxinako formak gordeten jarraitu eban, euskeraren ahoskerara egokituta.

Horrela helduko ziran gaur egunera Sallobante, Sallobente, Sallebante edo Sallabente moduko izenak.

Labur esanda, bilakaerea honelakoa izan leiteke:

Sanctus Laurentius > San Laurenti > San Llorente

Bi bide desbardin jarraituz:

Forma kultua: San Lorentzo

Herri-forma, euskal toponimian gordea: Sallobante / Sallobente / Sallebante / Sallabente

Hau da, San Lorentzo eta Sallebante ez dira bata bestearen ondorio zuzena; biak dira izen beraren bilakaera desbardinak.

Sallebanteko San Lorentzo. Fruiz (Bizkaia)

Euskaltzaindiaren babesa

Hipotesi hau ez da antzeko leku-izenetan bakarrik oinarritzen. Euskaltzaindiaren babes garrantzitsua be badauka, hain zuzen be Koldo Mitxelena XX. mendeko euskal hizkuntzalari handiaren lanetan.

Bere “Apellidos vascos” liburuan, Mitxelenak Laurentius izenetik eratorritako izenak eta abizenak aztertzen ditu, eta Sallebante ulertzeko oso esanguratsua dan ohar bat egiten dau.

Honela idazten dau:

«Lorente y Llorente actualmente sólo se emplean como apellidos, pero no hay duda de que primitivamente son nombres, derivados del vocablo Laurenti, que se refleja también en el vasco Santillaurenti, Sallobante, etc., denominaciones corrientes en el País Vasco para las iglesias o ermitas consagradas a San Lorenzo.»

Aipu horrek lotura zuzena ezarten dau:

  • Laurenti, jatorrizko latinezko izena.
  • Lorente eta Llorente, Erdi Aroko forma erromantzeak.
  • Santillaurenti, euskeraz dokumentatutako forma.
  • Sallobante, San Lorentzori eskainitako eleiza eta ermiten ohiko izena.

Mitxelenak Sallobante bakarrik aitatzen badau be, Sallebante, Sallobente eta Sallabente izenek daukien antzekotasun fonetikoa eta guztiak San Lorentzogaz lotuta agertzea kontuan hartuta, zentzuzkoa da familia bereko toponimoak dirala pentsatzea.

Erreferentzia bibliografikoa

Mitxelena, Koldo . Apellidos vascos. 3. argitalpena. Donostia: Editorial Txertoa, 1973.
Lehenengo argitalpena: Biblioteca Vascongada de los Amigos del País, Donostia, 1955.
Azterlana hemen kontsulta daiteke: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/80278.pdf


Lekuan bertan aurkitzen doguzan frogak

Azalpen linguistikoa ezagutu ondoren, harrigarria da eredu bera Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan errepikatzen dala ikustea.

Errigoiti – Metxika (Bizkaia): Sallobante

Fruizetik gertuen dagoan adibidea da, eta beharbada argigarriena.

Metxika auzoan (Errigoiti) Sallobante izeneko lekua dago, eta bertan San Lorentzoren ermitea altxatzen da.

Ganera, herritar askok ermiteari Sanlloante deitzen deutsie; hau da, San Llorente izenetik oso hurbil dagoan ahozko forma.

Antzekotasuna nabarmena da:

  • Fruiz → Sallebante → San Lorentzoren ermitea
  • Errigoiti → Sallobante → San Lorentzoren ermitea

Zaila da hori kasualidade hutsa dala pentsatzea.


Fruiz (Bizkaia): Sallebante

Fruizen, Sallebante izeneko lekuan dago San Lorentzo ermitea.

Leku-izenaren eta santuaren arteko lotureak guztiz bat egiten dau Mitxelenak azaldutako ereduagaz.


Berriz (Bizkaia): Sallobente

Berrizen Sallobente-Mendibil auzo historikoa dago.

Aspaldidanik lotuta egon da San Lorentzo Martiriaren inguruneagaz, eta dokumentu historikoek lotura hori mendeetan zehar mantendu dala erakusten dabe.


Elgoibar (Gipuzkoa): Sallobente

Beharbada hau da kasurik argiena Sallobente Ermuaran Bailara.

Elgoibarko dokumentuek erakusten dabe leku berari hiru izen emon jakazala:

  • San Llorente
  • Sallobente
  • San Lorentzo

Horrek erakusten dau forma zaharra, herri-formea eta forma kultua aldi berean bizi izan zirala.


Mañaria (Bizkaia): Sallobente

Mañarian be Sallobente izena agertzen da, San Lorentzo Martiriaren ermiteari lotuta.

Toponimia ofizialak berak lotzen ditu bi izenok.


Ermua (Bizkaia): Sallabente

Ermuan Sallabente izena dokumentatuta dago.

Beste aldaera bat da, eta ikertzaileek familia bereko toponimotzat hartzen dabe.


Ondorioa

Oraingoz ez da ezagutzen Fruizko SallebanteSan Llorente” moduan idatzita agertzen dan Erdi Aroko dokumenturik.

Baina gaur egun ezagutzen doguzan datu guztiek norabide berean egiten dabe:

  • jatorri bera Sanctus Laurentius izenean;
  • Erdi Aroko San Llorente formearen erabilerea;
  • geroago San Lorentzo forma kultuaren nagusitzea;
  • euskal toponimian Sallobante, Sallobente, Sallebante eta Sallabente moduko formak gordetea;
  • eta leku-izen horreek guztiak San Lorentzori eskainitako eleiza edo ermiten ondoan agertzea.

Horri guztiari Koldo Mitxelenaren azalpena gehitzen bajako, oinarri sendoak dagoz pentsatzeko Sallebante ez dala ausaz sortutako izena, baizik eta San Llorente izen zaharraren herri-bilakaera bat, mendeetan zehar euskal toponimian gordeta geratu dana.

Etorkizunean agertuko diran dokumentuek baieztatu edo zuzendu ahal izango dabe hipotesi hau. Bitartean, Sallebante bezalako leku-izenek erakusten deuskue toponimiak zenbat historia gordeten dauen. Izan be, leku-izenak ez dira mapa bateko hitzak bakarrik: gure hizkuntzearen, gure historiaren eta gure ondarearen aztarna biziak dira.

Erromeria Sallebanten, San Lorentzo egunean. Fruiz. Bizkaia. (Roberto Etxebarria trikitilaria musika joten)

Egilea Elorriaga Zubiagirre

Ezagutu artista

Bizitzan zehar "bizi-bultzadak" eraman nau adierazpen plastikoaren. bidetik. Hark energia oparo bat jartzen dizu eskura, arimaren espazio intimoenak birdefinitzeko. Medikua lanbidez, mendiaren, arte plastikoen eta idazkeraren sutsua. Etxean, estimuluen bidez, marrazketarako eta pinturarako bokazioa piztu zen. Ezagutu pixka bat gehiago nire istorioa, nire inspirazio iturriak eta nire sormen-bidearen jatorriari buruz.

elorriagazubiagirre.com

InstagramFacebookLinkedinYoutubeXPinterest
Jose Elorriaga
jose ramon elorriaga zubiagirre
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.