7 abuztua, 2026
Salbatoreko eleizpetik Fruizko Udaletxera
Gaur egun Fruizko Udaletxearen aurretik pasatzen garenean, eraikin xume eta herriaren erdigunean ondo txertatua ikusten dogu. Baina gitxik dakie udalaren historia ez zala eraikin honegaz hasi. Udaletxea eraiki aurretik ere, Fruizek mende askotan izan eban bere gobernua.
Izan be, luzaroan Fruizek ez eban udaletxerik izan. Ez egoan bulegorik, ez osoko bilkuren aretorik, ezta alkatearen bulegorik be. Hala eta guztiz be, herria antolatuta egoan, eta auzotarrek euren kabuz hartzen ebezan herriaren etorkizunerako erabakiak.

ELEXALDE; kultu-lekua baino askoz gehiago
Bizkaiko elizate gehienetan lez, Fruizen be herriaren bizitza politiko eta administratiboa Salbatore Deunaren Eleizaren inguruan antolatzen zan (Elexalde)
Igandeko meza nagusia amaitzen zanean, auzotarrak ez ziran etxera joaten. Eleizpean batzen ziran, bertan egiten baitziran herriaren batzarrak.
Han egoan elizateko mahaia, harrizko mahai sendo bat, herriaren botere zibilaren ikurra zana. Ez zan mahai arrunta; bertan erabagiten zan Fruizen etorkizuna.
Eleizaren barruan parrokoak eta elizak jurisdikzio erlijiosoa beteten eben bitartean, eleizpean herriak jurisdikzio zibila gauzatzen eban.
Horixe izan zan Bizkaiko elizateen ezaugarririk berezienetako bat: toki berean bizi ziran erlijinoa eta herriaren gobernua, baina bakoitza bere eginkizunetan.

Udaletxerik bako udal bat
Gaur egun udala eta udaletxea gauza bera dirudie. Antxinan, ostera, ez zan holan. Benetako udaletxea auzotarren batzarra bera zan.
Elizateko mahaiaren inguruan erabagiten zan ze bide konpondu, ze zubi konpondu behar zan, zelan zaindu herri-lurrak eta baso komunalak, zelan banatu zergak edo ze lan egin behar eben auzotar guztiek herriaren onerako.
Ez egoan politikari profesionalik. Herriko etxe-jabeek eta ordezkariek hartzen ebezan erabagiak, beti be Bizkaiko Foruak oinarri hartuta.
Sistema horri esker, Fruiz moduko herri txikiek mendeetan zehar euren burua gobernatzeko ahalmena izan eben.

Fruiz be Bizkaiaren gobernuan egoan
Gaur egun herri txikia bada be, Fruizek beti izan dau bere lekua Bizkaiaren historian.
Uribeko Merinaldeko elizatea zan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan 62. eserlekua eta botoa eukazan.
Gernikako Arbolaren azpian egiten ziran batzarretan Bizkai osoko arazoak aztertzen ziran: zergak, foruak, bideen egoerea, lurren erabilerea edo lurraldearen defentsa.
Fruizek be bertan eukan bere ordezkaria.
Han hartutako erabagiak gero herrira ekarten ziran, eta elizateko batzarrean azaltzen eta betearazoten ziran.
Horregaitik, Fruiz ez zan bazterreko herri bat; Bizkaiko autogobernuaren parte aktiboa izan zan mendeetan.
1915 URTEA
XX. mendearen hasieran Fruizek beste pausu bat emon eban: 1915ean Teileria eta Taberna Zaharra bota ziran, eta euren lekuan gaur egun ezagutzen dogun Udaletxea eregi zan.
Obra harek herriaren erdigunea guztiz aldatu eban.

Francisco Basterretxea, “HAbaneroa”
Udaletxe barriaren historia ezin da ulertu Francisco Basterretxea, herrian “Habaneroa” izenez ezaguna izan zanaren izena aitatu barik.
XIX. mendearen amaieran, beste euskaldun askoren antzera, Kubara (Habana-ra) joan zan bizimodu hobe baten bila. Han negozioetan arrakasta izan eban eta dirua egin eban.
Baina bere herria ez eban ahaztu. Fruizera bueltatu zanean, bere ondasunen zati bat herriaren mesedetan erabiltea erabagi eban.
Bere ekimenari eta laguntza ekonomikoari esker eregi zan gaur egungo Udaletxea. Eraikin berean Herriko Tabernea be kokatu zan, eta, ganera, eskola barriak eregitea be sustatu eban.
Garai haretan, horrelako inbertsinoa ez zan eraikin barri bat egitea bakarrik. Fruiz modernizetako pausurik handienetako bat izan zan.
Herriak administrazinoaren egoitza iraunkorra irabazi eban, hezkuntzarako eraikin barriak euki ebazan eta herrigunea gaur egun ezagutzen dogun moduan antolatzen hasi zan.

Harri-mahaitik osoko bilkuren aretora
Mende bat baino gehiago igaro da Udaletxea eregi zanetik.
Baina gaur egun udalbatzak egiten diranean edo auzotar batek udalera joaten danean, neurri baten, antxinako elizate haren lekukoa izaten jarraitzen dau.
Lehen harrizko mahai baten inguruan hartzen ziran erabagiak; gaur egun osoko bilkuren aretoan hartzen dira.
Lehen ahoz eztabaidatzen zan; gaur egun aktetan eta espediente digitaletan jasoten da.
Baina helburua ez da aldatu. Fruizen alde lan egitea.
Horregaitik, gaur egungo Udaletxea ez da 1915ean eregitako eraikin bat bakarrik. Sei mende baino gehiagoko autogobernuaren oinordekoa da, eta Fruizko historiaren, foruen eta auzolanaren lekuko bizia izaten jarraitzen dau.


Egilea Elorriaga Zubiagirre







