3 iraila, 2026

Fruizen kanpaiak berba egiten ebenean

Badira liburu baten idatzita ez dagozan akorduak, eta, hala eta guztiz be, herri baten historiaren parte diranak. Batzuetan, pertsona baten akorduan geratzen dira, eta, kontau leitekezan bitartean, bizirik jarraitzen dabe.

Denpora luzez, kanpaiak Fruizen komuniketako eta herriko bizimodua antolatzeko bide nagusietako bat izan ziran. Telefonorik, irratirik, telebistarik, internetik edo telefono mobillerik ez egoanean, baserrietan bizi ziranen barri batetik bestera eroatea ez zan erraza. Gutunak eta idatzizko abisuak be ez ziran berehalako komunikazinorako, eta jente guztiaren eskura be ez egozan. Horregaitik, Fruizko kanpaidorreko hotsa beste bide batzuk heltzen ez ziran lekuetaraino heltzen zan.

Baina kanpaiek ez eben barriak emoten bakarrik. Fruizko denporea antolatzen be laguntzen eben. Lehenengo erloju mekanikoak Europan XIII. mendearen amaieran agertu ziran, baina mende askoan ez ziran ohiko gauzak etxeetan. Fruizko baserrietan be ez egoan edonoren eskura: XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran oraindino etxe guztiek ez eben euren erlojurik. Horregaitik, denpora luzez, kanpaiak Fruizko erlojua eta danen ahotsa izaten jarraitu eben.

Mundu horretan aurkitzen dogu Mertxe Basterretxea, 1944an Fruizen jaiotakoa eta Salbatore elizearen ondoan dagoan Maisuene baserriko auzokidea. Gaur, 82 urte daukazala, Fruizko azken kanpai-jotzailea da.

Mertxe Jose Basterretxearen alabea da, Salbatore Deuna parrokiako sakristaua zanarena. Familia eleizearen ondoan bizi zan, eta Mertxe, txikitatik, Fruizko bizimodua markatzen eben dorreagaz, kanpaiekaz eta kanpai-hots desbardinakaz ohituta egoan.

Aitte izan zan ezagutza hareek Mertxeri erakutsi eutsazana, baina Mertxe ez zan ikastera bakarrik mugatu. Berak dorreko alde batetik bestera mobidu, kanpaien sokak erabili eta kanpaiak jo ebazan urte hareetan.

Eta gaur kanpaiez berba egiten dauanean, ez dau akorduan bakarrik zelan joten eben. Bere eskuek oraindino badakie zelan atara kanpaien hotsa.

Kanpaiak jotzeko modu desbardinak azaltzen dagoanean, Mertxek eskuak mobitzen dauz, oraindino sokak hartuta balegoz lez. Keinuak berez ataraten jakoz, guztiz koordinauta. Ez dabil besterik barik kontau deutsen zerbait akorduan ekarten: berak hainbeste bider kanpaidorreko sokekin egindako beso mugimenduak barriro egiten dagoz.

Mertxek gordetzen dauana ez da familiako akordua bakarrik. Belaunaldiz belaunaldi Fruizko bizimoduaren parte izan dan jardun baten ezagutza da: noiz jo jakitea, zelan jo, zein kanpai erabili, dorreko ze lekutatik jo eta hots bakotxak zer esan gura eban jakitea.

Kanpaiak eskuz joten jakitea, 2022tik, UNESCOk onartutako kultura-ondare immaterialaren parte da, hain zuzen be belaunaldiz belaunaldi transmititzen diran ezagutza, teknika eta bertoko jotzeko moduakaittik; tradizinoz, gertakarien barri emoteko eta herrien bizimodua antolatzeko erabili izan dira. Fruizen, ondare hori Mertxeren akorduan eta eskuetan dago oraindino.

Mertxe baino lehen: kanpaia, elizatearen ahotsa

Fruizen kanpaiek euki daben garrantzia ulertzeko, Mertxeren umetako garaira baino askoz be lehenagora jo behar dogu.

Fruiz Uribe eskualdeko eleizatea (anteiglesia) izan zan, eta foru-garaian Gernikako Batzar Nagusietan 62. eserleku eta bozka eukazan. Fruizko eliza ingurua ez zan kultu-leku hutsa; herriko bizimoduaren erdiguneetako bat be bazan: meza ostean, auzokideak batzarrean batzen ziran kanpai-hotsera deituta eleizpeko mahaian.

Batzarrerako deia dei zibila zan. Bizkaiko antxinako eleizpetan, deia abisu bat baino gehiagogaz egiten zan, urrunago bizi ziranak etorteko denpora euki eien; hortik dator «a son de campana tañida y cruz parada» esakera tradizionala.

Beraz, dei hareek Jose eta Mertxe baino askoz lehenagokoak dira. Gaur egun Salbatore eleizpean batzarrak egiteko erabili izan zan mahaia gordetzen da; “baga” edo “fiel-harria” esaten jako. Irudi horrek oso ondo laburbatzen dau herriaren antolaketa hareek: kanpaiak deitu egiten eban, eta elizpeak batzarra hartzen eban.

Sistema hori foru-antolaketearen aldaketagaz batera hasi zan desagertzen. 1876. urtean Bizkaiko Foruak eta foru-erakundeak kendu ziran, egitura politiko hareen amaierea markatuz. Elizateko batzar deialdirako antxinako ohiturak apurka-apurka desagertu ziran eta udaleko bizimodua poliki-poliki udaletxe-eredura pasatzen joan zan. Salbatore Deunako eliza, ostera, luzaroan jarraitu eban Fruizko bizimodurako leku garrantzitsua izaten.

Mertxek ezagutu ebazan hiru kanpaiak: Santa Barbara, Salbatore Deuna ta Txiliñe

Mertxek Fruizko kanpaidorreko kanpaiak gogoratzen dauzanean, hiru aipatzen dauz: Bi kanpai handi oraindino dorrean gordetzen dira. Hirugarrena ez dago Fruizen gaur egun, askoz txikiagoa zan, eta bere izen propioa eukan: Txilin.

Salbatore Deunaren kanpaia

Kanpaiarik handiena Salbatore Deunarena da, Fruizko eleizeari izena emoten deutzon izenpe berekoa. 1804an egin zan, 106 cm-ko diametroa, 82 cm-ko brontzezko altuera eta gitxi gorabehera 689 kg-ko pisua daukaz; gaur egun dorrean gordetzen diran bien artean handiena da. (Ficha teknikoa: Salbatore deuna kanpaia. PDF formatoan >>)

Kanpaian honako inskripzino hau agertzen da: «Mr Dmo Antº DE MARDARAS Jun Ml DE FRUNIZ». Bertan Antonio de Mardaras eta Juan Manuel de Fruniz izenak agertzen dira. Ezin dogu ziurtasunez jakin zein zan bien egitekoa, baina inskripzinoan euren izenak agertzeko moduagaitik, zentzunezkoa da pentsatea kanpaiaren enkarguagaz, ordainketagaz edo eginteagaz nolabaiteko loturea euki ebela. Inskripzinoak, berez, ez deusku emoten jakiterik parrokiaren arduradunak, sustatzaileak edo kanpaia egiten zuzenean parte hartu ebenak ziran; horregaitik, hobe da hipotesi modura itxi.

Bigarren inskripzinoak holan dino: «Sdo Cra D SALVATOR MUNDI MISERERE NOBIS Sizo AÑO DE 1804». Latinezko «SALVATOR MUNDI MISERERE NOBIS» esakerak «Munduaren Salbatzailea, izan zaitez errukitsu gurekaz» esan gura dau. Kanpaiak, ganera, Kalbario-gurutzea dauka apaingarri modura.

Bere neurri, antxinatasun eta izenpeagaitik, pieza hau Salbatore Deunan oso adierazgarria da: eleizearen izena daroa eta belaunaldiz belaunaldi Fruizerako euki dauzan ahots nagusietako bat izan da.

Santa Barbarako kanpaia

Bigarren kanpai handia Santa Barbarakoa da, hau be 1804an landua. 97 zentimetroko diametroa, 75 zentimetroko brontzezko altuera eta gitxi gorabehera 528 kiloko pisua daukaz. (Ficha teknikoa: Santa Barbara kanpaia. PDF formatoan >>)

Bere inskripzinoak honan dino: «SANTA BARBARA ORA PRO NOBIS AÑO DE 1804».
Euskeraz: «Santa Bárbara, egin otoitz gure alde. 1804. urtea.»

Bere izenpea tradizinoz ekaitz, tximista eta txingorraren aurkako babesagaz lotuta dago. Hori bereziki garrantzitsua zan Fruiz lako landa-ingurune baten, ekaitz batek uztak, abereak eta etxeak arriskuan jarri eikezalako. Horregaitik, leku askotan Santa Barbara rogatibakaz eta eguraldi txarraren aurrean babesa eskatzeko otoitzakaz lotuta geratu zan.

Fruizen, kanpai honen dokumentazinoak rogatibak jasoten dauz bere erabilera tradizionalen artean, beste toque erlijioso eta komunitario batzuekaz batera. Horrela, Santa Barbarako kanpaia antxinako soinu-paisaia haren parte zan; haren bidez, herriak beharrizana eukazan momentuetan laguntasuna emoten eban eta herriarentzat eta uztentzat babesa eskatzen eban.

Txilin: Aingeru Zaindari kanpaia

Mertxek hirugarren kanpai bat be ezagutu eban Fruizko elizako dorrean, beste kanpai biak baino txikiagoa; «Txilin» edo «Txiliñe» esaten eutsien.

Kanpai hau brontzezkoa da, 75 cm-ko diametroa eta 80 cm-ko altuera daukaz. Mertxek akorduan dauka haren hotsa meheagoa eta alaiagoa zala, eta dorreko bi kanpai handiekaz batera joten zala, euren hotsak osotuz.

Txilin” izena euskerazko berba-ondarearen parte da, eta kanpai txikiak edo kanpaitxoak eta euren hots bereziagaz lotuta dago. Izen guztiz egokia Fruizko kanpai txiki hareentzat: ahots mehe eta alai bat, kanpaidorreko kanpai handien hotsari batzen jakona.

Txilin kanpaia Olabarri-ko (Errigoiti) ermita zaharrean

Txilin brontzezkoa da eta sorbaldan honako inskripzinoa dauka: «VDCCCIV SANCTE ANGELE CUSTOS».

VDCCCIV” data da, 1804. urteari dagokio, kanpaia egin zen urtekoa, Santa Barbarako eta San Salvadorreko kanpaien data bera; Txilinean, ostera, erromatar zenbakiz dago idatzita. Esakerak «Aingeru Zaindari Santua» esan gura dau.

Inskripzinoak babes-izaera berezia emoten deutso Txilin kanpaiari.

Garai hareetako tradizinoaren arabera, Aingeru Zaindaria kanpaiaren brontzearen bidez deitzeak herria mehatxatu eikezan arriskuetatik babestea eukan helburu, bai arrisku materialetatik bai espiritualetatik: ekaitzak, tximistak eta txingorra; gaixotasunak eta epidemiak; gerrak, erasoak eta beste arrisku batzuk; eta baita bat-bateko heriotzea eta haregaz lotutako arrisku espiritualak be. Kanpaiak, ganera, Kalbario-gurutze bat dauka landuta, kristau-tradizinoko babesaren beste ikur bat; horrek inskripzinoaren esanahia indartu egiten dau. Horrela, haren hotsa Fruizen babes modura ulertzen zan.

Martin Olazar Uribe parrokoak Txilin kanpaia Errigoitiko Olabarri auzoko ermitara eroan eban eta horrela kanpai txiki hura Fruizko kanpai-dorretik aldendu zan.

“Txilin” kanpaia Olabarriko (Errigoiti) ermita zaharrean

Kanpaidorre ganetik entzuten zan erloju bat

Urte askotan, kanpaiak Fruizko erlojua izan ziran, eta kanpai hots hareen atzean Jose Basterretxearen eta, gero, bere alaba Mertxeren eskuak egon ziran.

Kanpaidorreko behe aldetik, Josek eta Mertxek eguneko momentu nagusiak markatzen ebezan kanpaiak joz:
Egunsentian goiz jotzen zan, egun barriaren hasierea iragarten eban: jaiki eta beharrari ekiteko ordua zan.
Hamabiak inguruan, eguerdian jotzen zan; orduan beharrari momentu baten itxi, etxera bueltau, bazkaldu eta apurtxo baten deskantsau behar zan, gero barriro beharrean jarraitzeko.
Egun bukaeran, beharra amaitzen zanean, kanpaiak barriro joten ebezan, batzen hasteko, etxera bueltetako, afaltzeko eta deskantsetako ordua zala adierazteko.

Horrela, Jose eta Mertxeren beharrak eleizea bera baino askoz harago eukan garrantzia; Eurek jarten eben Fruiz orduan.

Baserri eta auzoetan kanpai hotsen esanhaia ezagutzen eben, eta beharra, bazkariak eta deskantsuak antolatzen laguntzen eban. Erlojuak eguneroko bizimoduaren parte izan baino lehen, herriak ez eban orduari begiratu beharrik: kanpaiak entzuten ebazan.

Mezarako kanpai hotsak eta jai-egunak

Dorrearen barruko aldean, erdi-altuerako pisuan, Josek eta Mertxek beste kanpaiak jotzeko moduak egiten ebezan, erlijinoagaz eta asteko egutegiagaz lotuta egozanak. Han joten eben kanpaiek mezearen barri emoteko, baina baita deskantsu eta jai-denpora heltzen zala adierazteko be.

Zapatuetan, eguerdiko ordu bata edo biak inguruan, Mertxek akorduan dauka kanpaiek zapatuaren etorrerea iragarten ebela, eta haregaz batera jai-denporaren hasierea.

Beste leku batzuetan be antzeko ohiturak egon dira: zapatuetako kanpai-joteek igandea aurretiaz iragarteko balio eikean, jai-eguna beharreko egunetatik bereiziz.

Hurrengo egunean, igandean, kanpaiak barriro joten eben mezara deitzeko. Igandez eta jai-egunetan, Meza Nagusia baino lehen hiru bider joten eben, eta orduan kanpai hotsak izaera alaiagoa eta biziagoa hartzen eban.

Norbait hiltzen zanean

Dorrearen barruko alde horretatik joten eben kanpaiak norbait hiltzen zanean be. Josek edo Mertxek joten eben difuntuen kanpai-hotsa, eta Mertxek oso ondo dauka akorduan seinalea: hiru toque, gizon bat hil bazan, eta bi, emakumea bazan. Goizean joten zan hildakoaren heriotzearen barri emoteko, eta barriro joten zan hildakoa eleizara heltzen zanean.

Ez zan beste ezer azaltzeko beharrik. Kanpaidorretik hots hura heltzen zanien, Fruizen bizi ziranek bazekien norbait hil zala. Kanpaiek baserritik baserrira eroaten eben barri, eta herriko jente guztiak bazekian bere lagun edo auzokide bat hil zala. Danek ezagutzen eben hots hura, eta beste behin erakusten dau kanpaiek zelan laguntzen eben Fruizko bizitzako momenturik garrantzitsuenetan.

Sutea egoanean

Baziran kanpaiaren hotsa guztiz aldatzen zan egoerak: sutea edo herriaren laguntasuna behar eban larrialdiren bat egoanean. Sua etxe baten, baserri baten, korta baten edo mendian sortu leiteken, eta lehenbailehen abisetea ezinbestekoa zan inguruan egozanak laguntzera joan ahal izateko.

Halakoetan, Mertxek akorduan dauka dorrearen goreneko aldera kanpaien ondora igon behar izaten zala, eta su-kanpaia, edo “arrebato-tokea”, joten zala. Erritmoa arina, etengabea eta urduria zan, orduak markatzeko edo mezearen barri emoteko joteko moduen guztiz desbardina. Hots harek entzuten ebanak bazekian zerbait gertatzen egoala eta egiten egoana itxi eta beharrizana eukanari laguntzera joan behar ebala.

Sokak eta kanpai-jotzailearen beharra

Kanpaiak joten jakiteko sokak eta dorrea bera ezagutu behar ziran. Mertxek akorduan dauka sokak “soka-jantzan” erabiltzen ziranen antzeko materialez eginda egozala. Erabilteagaz, batzuk apurtu egin eikezan.

Dorrearen beheko aldean kordeletan burdinazko helduleku batzuk egoazan, hobeto heltzeko. Mertxek oraindino eskuakaz erakusten dau helduleku hareek zelan hartu eta soketatik zelan tira egiten zan. Gaur eskuakaz keinu hareek egiten dauzanean, ez dabil aittaren keinuak kopiatzen: berak egindako mobimentuak daukaz akorduan.

Eskailerak estuak ziran eta, arin igo behar zanean, Mertxek akorduan dauka batzuetan lau hankatan igoten ebala. Eskaileratik igoteko modu horri “lautxakur” erara esaten deutzo.

Dana zan ikasketearen parte: hotsak ezagutzea, noiz jo jakitea, sokak erabiltzea, abisu bakotxa bereiztea eta presaka ibiltzeko eginda ez egoan dorre baten mobitzen jakitea.

Kanpaidorreko ikuspegia: Maisuene Baserria eskerrean eta antzinako “eliza-etxea” zegoen kokalekua (gaur egun Okindegia)

Kanpaiak eskuz joten ez ebenean

Denporagaz, kanpaien mundu hura desagertzen joan zan. Martín parrokoa izan zan eskuz joten zan sistema tradizionala kanpai elektrikoen sistema bategaz ordezkatzea erabagi ebana. Mertxek ezagutu eta joten lagundu ebazan kanpaiak dorrean dagoz oraindino, baina gaur egun mutu dagoz.

Mertxek aldaketa horretaz berba egiten dauanean, galdutako guztia laburbatzen dauan esaldi bat esaten dau: «Nire aitteak orain kanpaiak entzungo balitu, esango leuke: “horreek ez dira Fruizko kanpaiak”».

Ez eban bakarrik kanpai fisikoen esanetan esaten; haien hotsari eta komunikatzeko moduari buruz be bazan. Jose eta Mertxerentzat, kanpai-jote bakotxak bere forma, erritmo eta esanahia eukan, eta ezagutza guzti hura Fruizko eguneroko bizimoduaren parte zan.

Mertxe, azken kanpai-jotzailea

Beharbada horrexegaitik dauka Mertxeren kontakizunak gaur hain balio berezia.

Jose Basterretxeak bere bizitza Salbatore Deuna parrokiari eskaini eutsan sakristau modura, eta eleizearen eta haren kanpaien funtzionamendua sakon ezagutzen eban. Bere ondoan, Mertxek txikitatik ikasi eban liburuetan erakusten ez zan hizkuntza bat: entzuten ikasi eban. Begiratzen ikasi eban. Eta egiten ikasi eban. Urteetan zehar, berak igon eban kanpaidorrera, sokak hartu eta aitarengandik ikasitakoa hots bihurtu eban. Gaur, Fruizko azken kanpai-jotzailea da.

Eta garai hareetaz berba egiten dauanean, eskuak barriro mugitzen jakoz, orduan lez indartsu. Akorduan dauka non jarten zan, zelan heltzen eutsan sokari, zelan tiratzen eutsan eta zelan aldatzen zan hotsa iragarri behar zanaren arabera.

Esku horreetan bi belaunaldi batzen dira: Jose, ezagutza Mertxeri erakutsi eutsana, eta Mertxe, ezagutza hori hartu, praktikau eta gaur egunera arte gorde dauana.

Horregaitik, haren testigantzea ez da kanpai zahar batzuen historia hutsa. Fruizko soinu-akorduaren zati bat da, belaunaldiz belaunaldi pertsona batzuengandik beste batzuengana igaro dan ondare immateriala, eta gaur egun desagertzeko arriskuan dagoana, inork akorduan euki ezean.

Fruizko kanpaidorreko kanpaiak brontzezkoak dira, baina haien ahotsak esku batzuk behar izan dauz beti. Belaunaldiz belaunaldi, kanpaiak berba eginarazoten jakin izan daben jentea egon da: Jose horreetako bat izan zan. Mertxe be horreetako bat izan da.

Eta gaur Mertxe barriro eskuak airean mobitzen dauezanean kanpaiak zelan joten ziran azaltzeko, badirudi ezagutza hareek oraindino badaukala dorre horretara bueltetako moduren bat.

Beharbada horregaitik esan geinke Fruizko kanpaiek ez dabela orduan lez berba egiten, baina azken kanpai-jotzaileak oraindino euren ahotsa gordetzen dauala.

Egilea Elorriaga Zubiagirre

Ezagutu artista

Bizitzan zehar "bizi-bultzadak" eraman nau adierazpen plastikoaren. bidetik. Hark energia oparo bat jartzen dizu eskura, arimaren espazio intimoenak birdefinitzeko. Medikua lanbidez, mendiaren, arte plastikoen eta idazkeraren sutsua. Etxean, estimuluen bidez, marrazketarako eta pinturarako bokazioa piztu zen. Ezagutu pixka bat gehiago nire istorioa, nire inspirazio iturriak eta nire sormen-bidearen jatorriari buruz.

elorriagazubiagirre.com

InstagramFacebookLinkedinYoutubeXPinterest
Jose Elorriaga
jose ramon elorriaga zubiagirre
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.