24 martxoa, 2026
Fruiz. Eskultura baten historia. 1988
ESKULTURAKO MUGARRIAREN JATORRIA:
«Bide bazterreko formak» (Fruiz – Bizkaia – 1988) – Jose Ramon Elorriaga)
“Bide bazterreko formak” gure maisu handia zan Jorge Oteiza-ren obra goiztiarra da, 1933. urtekoa. Lan hau bere garaiko esplorazio figuratiboan kokatzen da. “Bidea”ren aipamena sarritan agertzen da Oteizaren obran, sarri lotuta peregrinazioari, euskal arteari eta paisaiari buruzko hausnarketekin, artea esperientzia mistiko edo bilaketa modura ulertzen dauelarik.
Hori izan da askotan gure mendietan bakarrik egiten dodazan ibilaldietan hausnartzera eroan nauena.
Hemen Fruizen, Euskal Herriko herri txiki hontan, makila eskuan egiten dodan ohiko ibilbideetako bat egunsentian egiten dodana da; batzutan nire familiagaz edo Sorgin txakur txikiagaz eta apunteak idazteko edo bidean ikusten dodana marrazteko koaderno bat lagun. Paseo honetan, normalean Fruiz eta inguruetako ermita ugarietako batzuk bisitatzen dodaz.

Sallebante – San Lorentzo Ermita – Fruiz


Ermita hauetara baserriak zeharkatuz antzinako bide bihurgunetsu eta berezietatik heltzen da. Ez dagoz altuera handian eta berehala goza daiteke Euskal Herriko txoko eder honen ikuspegi paregabeaz: teilatu txikiak, larreak behiak eta ardiak lasai bedarra jaten edo deskantsuen, errekatxoen ubideak, pinudi eta harizti ilunak, laborantza lurrak, tximinien keak, mendilerroak eta hegazti handi zein txikien hegaldiak; hori guztia haizeak ekarten dituen doinuekin batera.
1988ko urtarrileko igande goiz batean hasi nintzan holako ibilaldi bakarti bat egiten, Morgako San Juan Bataiatzailearen ermitatik igarotzen zana (izen desbardinekin ezaguna: «Yandonis, Yandunis, Janduliz, Janduniz, Jandoniz…»). (Jatorria). Ermita hau kokapen pribilegiatuan dago, Fruiz, Fika eta Morga udalerrien mugan. Garai batean, San Juan egunean erromeria garrantzitsuak ospatzen ziren bertan. Gaur egun, hondamen egoeran dago.
Inguruko bide zaharrekin lotuta dago, batez be Done Jakue bideagaz eta Gaztelatik Bermeora Orduñatik pasatzen zan bideagaz. Bide hau Gangurenetik Zamudiora jaisten zan, Fikara heldu eta handik Fruiz eta Arrietako Libanotik Sollubera joaten zan, gero Bermeora jaisteko. (…) hainbat datuk adierazten dabe ibilbide jakin bat, Andekoa eta Botiola auzoen artetik pasatzen zana, eta handik San Salvador parrokiara heltzen zana, gero Arrietako lurretara igaroteko. (Iturria: KOBIE, XXII zk., 1995, Antropologia Saila, Bizkaiko Foru Aldundia)
Ibilbidea jarraitzen neban bitartean, leku horrek aintzinako biztanle eta ibiltarientzat ze esanhai zuen irudikatzen saiatzen nintzen.
Fruizko lurretan sartzen nintzelarik, “Bide bazterreko formak” (Oteiza) ezagutzeko prestutasun horregaz, sasi eta landarez ia estalita egoan harri erdi lurperatu batekin topo egin neban. Itxura guztien arabera, forma ez naturala eukan, eta horrek arreta deitu eustan.


Bide bazterrean 1,5 metroko luzera eta 0,5 metroko zabalerako harri itzundu bat zegoen. 20 zentimetro inguruko bola bat nabarmentzen zan buru moduan. Zalantza barik, giza eskuz landutako harria zan.
1989. urtea heldu zan eta hainbat aldiz itzuli nintzan leku hartara. Harri haren forma ulertzeko eta, ahal bazan, moduren batean hari duintasuna emoteko gogoarekin.
Adineko Fruiztar batzuekin berba egin neban, eta euretariko batzuekaz harriaren kokapenera joan nintzan ikusteko. Laister ezagutu eben: aintzina zutunik zegoen, apur bat makurtuta.
Morgako Zorrotzondo baserriko Moises-ek esan eustan bere aitak eta beste batzuek idiak probatzeko erabili zutela harria, arrastaka eroanez bolatik lotuta.
Horregatik, harriaren alde batek azalera leuna dauka, lurrean arrastaka ibiltzearen ondorioz higatua.
Lekuko magnetismoak, bere barruan gordetako lekukotasunek, “bide bazterreko forma”ren esanahiak, lur-mugen zaindari moduko sinbologiak (LUR MUGARRI), eta bere estetika indartsuak pentsarazi eusten herrira hurbiltzea egokia izan zitekeela.
Arkeologia jakintzarik izan barik, LUR MUGARRI moduan ulertzen dot (muga-harria), IRUDI (zaindari) modura Fruiz, Fika eta Morgako mugak markatzen ebazana. Ez dakit zer irudikatzen dauen, baina uste dot lehenengo mugarrietako baten eredua izan daitekeela.

Urte horretan konponketa lanak egiten egozan Fruizko elizako teilatuan, eta alboan zegoen plazatxoa kotxeen aparkaleku izatetik harago, erabilera atseginago baterako egokia izan litekeela pentsau neban; izan ere, metro gitxira egoan beste parking bat, hilerriaren ondoan, horretarako propioago. Ideia hori Fruizko Udala-ri eta Javier Ocerinjauregi parrokoari komentau neutsen: Mugarri hura plazatxora eroatea, zentzu artistikoa eta adierazgarria eukiko eban espazio bat diseinatuz, eta aldi berean, inguruan batzen zan jendearentzako banku moduko erabilerea emonda.
ESKULTUREAREN DISEINUAREN ZERGATIA
Kokalekuaren baldintza estetikoak kontuan hartuta, zirriborro bat egin neban, eta altuera egokia emon neutsan eserleku publiko modura erabili ahal izateko.
Plazatxoaren lurrean bi zirkulu ezbardin marraztu nitun. Gogoratzen neban Oteizak esaten ebala forma zirkularra dala gure euskal kultura zaharrenetako espiritualtasunaren adierazpena.
Bi zirkuluak bide baten bidez lotu nitun, LAUBURU baten beso baten moduko mugimendu batekin, energia kosmiko bat etengabe ibiliko zana, harria eta zuhaitza elikatuz.


Mugarriaren “burua” izango zanaren altuera kalkulatu neban, zaindari moduan zirkulu batetik ateratzen, burua hegoaldera begira.
Energia hori, alde batetik zuhaitz bizidunetik eta bestetik harrizko materiaren berarenetik dator, eta horri gehitzen jako lur azpian pasatzen dan lurpeko ur-korrontea 15 metrotara dagoen iturri eta errekatxo baten jatorria duena. Lur azpiko ur korronte hori dela eta, Oxinaga errekatik hartutako harriak jarri genduzan oliboaren oinarrian.
Orientazinoari dagokionez, Mugarriari figura antropomorfo baten modura ulertua, hegoaldera begira jarrita dago; izan be, hegoaldeko latitudeetan, Afrikan kasu, gertatu zan gizaki bihurtze prozesuaren lehenengo mugarri nagusia, gu geu gatozan hominidoaren humanizazinoa. Horrek adierazi gura dau guztiok jatorri beretik gatozala, eta, hortaz, anai-arrebak garela, batera ortzimuga aldera bidean goazanak.
Olibondoa bakearen, adiskidetasunaren eta itxaropenaren sinbolo unibertsala da. Historian zehar, treguaren eskaintza edo gatazka baten amaierea adierazteko erabili izan da. Greziako bakearen jainkosa zan Irene-rekin lotzen zan. Olibo-adarrez egindako koroak Olinpiar Jokoetako irabazleei emoten jakezan, eta baita be bakea eskaintzeko etsaiei. Bibliako Noeren ontziaren kontakizunean, usoak olibo-adar bat ekarten dau, lurra aurkitu dala eta uholde unibertsalaren amaierea adieraziz.

ESKULTUREAREN ERAIKUNTZEA ZELAN GARATU ZAN: 1990. URTEA
Fruizko eskulturea ez zan posible izango Fruizko herriko biztanle eta auzokideen laguntzarik barik.
Eskultura honek hainbat ekarpen izan dauz oinarri: espazio publiko baten lagapena, auzokideen arteko lankidetza, eskulturarako harri dohaintzak, harlangintza artisauko lana, auzokideen baliabide fisiko eta giza baliabideak karga, garraio eta deskargarako, eta ekonomikoki margo koadro baten zozketa bidezko diru-bilketa eta parrokoaren (pertsonala, ez elizarena) zein nire ekarpena.
Bide bazterrean egoan Mugarriaren berreskuratzea Pedro Orbe Uriartek (Fruiz) egin eban bere traktoreagaz:

Fruizko Elejaldera garraioa Luis Mari Legarretaetxebarriak egin eban bere traktoreagaz, bere alaba Julene Legarretaetxebarria eta semea Endika Legarretaetxebarriagaz batera:

Oinarri guztia osatzen daben harriak Candido Lotina Torre-k emon ebazan, Fruizko Lotina auzoko Lotina baserriaren jabeak, bere baserria berreraikitzen egoan une batean; harriak, izan be, baserri zaharrekoak ziran.
Argazkietan agertzen dira: Candido Lotina Torre eta bere seme Jose Maria Lotina Legarreta; traktorean Pedro Orbe Uriarte; eta harriak eskuz kargatzen Jose Ignacio Muruaga Hormaechea (Ferris) eta Luis Mari Legarretaetxebarria:




Eskulturaren multzo osoa euren eskuekin eta artisau-trebetasunaz eraiki eben harlangileak honeek izan ziran: Gamizeko Agarre baserriko Kerman Ganboa Etxegarai eta Morgako Olagorta baserriko José Mandaluniz Legarreta:






Mugarriko oinarrian dagoan harri biribila Rafael Monasterio Ugalde, Luisa Monasterio Legarretaetxebarria eta Jose Ignacio Muruaga-k (Ferris), Fruizko Andeko auzoko Aurrekoetxea baserrikoek, emon eben.
Harri hori euskal Garaixe (Garaidxe edo Garaia) baten zutabeetako baten oinarri (muela) izan zan seguruenik, lau zutabeen gainean egoten zana.
Harria mugidu eta garraiatzeko parte hartu eben Fruizko Andeko-ko auzokideek: Cruz Uriarte Isasi, Juan Legarretaetxebarria Elgezabal (Erandio), Rafael Monasterio eta José Mandaluniz Legarreta Olagortakoa:


Obraren finantziazinoaren parte bat nik margotutako Morgako Jandoniz ermitaren koadro baten zozketarako errifak salduz egin zan; koadroa Fruizko Herriko Tabernan egoan ikusgai. Gainerako ekarpen ekonomikoa Javier Ocerinjauregi parrokoak (pertsonalki) eta biok jarri genduan.
Koadroaren zozketea Luisa Monasterio Legarretaetxebarriak eta Jose Ignacio Muruaga-k (Ferris), Fruizko Andeko auzoko Aurrekoetxea baserrikoek, irabazi eben. Gaur egun bertan dirau:
Olibondoa Zeanuriko mintegi batetik ekarria da, eta jatorri italiarrekoa da. Javier Ocerinjauregi parrokoa Zeanurikoa zan, eta honek be bere oroimenaren lekukotasuna adierazten dau.

Eskulturan ikusgai dagoan plakea Ereñoko (Bizkaia) marmolez eginda dago, Berangoko Laraudogoitia marmoltegian landua.
Bertan zizelkatuta dagoan esaldia Tuareg herriaren esaera batetik hartua da, gu bezain anaia dan herri baten esana. Euskerara Fruizko Juan Pedro Garaik itzuli eban.
Bizitza eta heriotzari buruz honakoa dino:
HODEIERTZEAN LERRO BI DAGOZ
BATA BENETAKOA DA
BESTEA AINTZINAKOEN
BIDE ZAHARRA.
Hurrengo argazkian: Kerman Ganboa Etxegarai, Jesus Mari Lekunberri (Toni), Angel Larrabeiti Legarreta, José Mandaluniz Legarreta, Jose Lekunberri, Bixente Aurtenetxe (Motxo), bere semea Egoitz Aurtenetxe, eta Almudena.

OROIMEN BAT:
Ustezko Mugarriaren azpian dagoan harri biribilaren oinean (Aurrekoetxea baserrikoa), ontzi plastifikatu bat lurperatu zan, hermetikoki itxita, barruan gauza batzukaz.
Ontzi barruan dagozan objektuak honeek dira:
. Ikurriña bat.
. Garaiko txanpon batzuk.
. Eguneko egunkariak.
. Garai hartako Fruizko biztanleen errolda zerrendea.
Eta honako agur mezua:
Gura geunke hemen gordeta itxi dogun historia zati honetara hurreratzen zareenok, gure arbasoek ibili eben bide zahar horretatik jarraitzea. Gu jada arbaso horiek gara, eta han izango gaituzue zain, besarkada handian.”
– Fruiz – 1990eko Apirila



Egilea Elorriaga Zubiagirre



































