22 otsaila, 2026
Arabar Errioxa. Eperren kantua
Negu usaina dago. Eltziegoko (Araba) farolak oraindik piztuta egozan, eta balkoi batzuetan Gabonetako argitxoak dirdira egiten eben. Nire ohiko ibilaldietan lez, egunsentiko lehen argi izpiekaz emon neban lehenengo pausoa. Egun hotz eta zoragarri bat agintzen eban, aurreko egunetako Ebro ibaiaren ibilgua estaltzen eben laino lodiak ez bezalakoa.

San Roke ermita inguruko muinotxora heltzen joan nintzan, herria begiratzeko eta Gabon Gaueko emozinoen ostean etxeetan epel eta lasai egozan bizilagunak imajinatzeko.
Orduan konturatu nintzan: ehiza sasoia hasita egoan. Beti kezkatzen nau basoan ibiltzeak, edozein lekutan tiro bat jaso leikezula pentsatzeak. Urtero sasoi honetan eta hainbat tokitan, holango istripuak gertatzen dira.

Nire eperretan pentsatu neban, gure eperretan, guztion eperretan. Jazarriak, inguratuak eta hilak, euren buruak kirolari deitzen deutsen gutxi batzuen jardunean. Udan zehar eper ederrak kantuan entzun eta korrika ikusi nituan mahasti berberetan nindoan.
Non egongo dira orain? Zer sentituko dabe gero eta hurrerago entzuten dabezan tiro hotsakaz? Mahats orria hojaraska bihurtuta egoan mahastien bazterretan pilatuta; landaredia, orokorrean, iharra eta urria zan. Non ezkutatu?

Lurrarekiko anaitasun pentsamendu honeekaz eta beste askogaz, hainbat kilometro egin nituan, beti tiro hotsen laguntzagaz. Une batean gelditu nintzan, lurrean naturak eskaintzen dauzan artelan horreetako bat ikusi nebalako.
Nengoan bidexkaren kokapen estrategikoagaitik, mahatsak dastatzen dabezan animalien azken ibilbidea hantxe batu zan, eta lokatz gainean euren aztarna nahastezinak itxi ebezan.
Horrela, plater baten tamaina baino handiagoa ez zan azalera batean, azkonar, basurde, azeri eta txakurren aztarnak nahastuta eta gainjarrita agertzen ziran.

Liburu ireki bat balitz lez sentitu neban: inguruko animalia basatiek esaten euskuezan existitzen dirala, eta orain nik zapaltzen neban lur hori, eta beste batzuek ehizatzen ebena, eurena be badala eskubide osoz.
Bat-batean, urdin turkesa koloreko orban bat mugitzen ikusi neban nire ondoan. Harrituta, begirada bertara zuzendu neban, eta barriro aurkitu neban sekula ezagutu dodan pertsonarik bitxiena: “Artista”.
Ahoz behera etzanda egoan, manta batez estalita, eta niri keinuak eginik gonbidatu eustan isilik egoteko eta makurtuta hurreratzeko.

Indiarren eta esploratzaileen eszenak gogoratu nituan, ahal neban moduan imitatuz, bere parean jarri arte. Ez genduan lurretik esku baten zabalera baino gehiago altxatzen.
Gure buruak belar altuek eta sasi txikiek estaltzen ebezan.
Artistak hatz erakusleagaz isiltasun seinalea egin eustan, eta segidan mahastiko leku ageri bat seinalatu zidan.
Xuxurlaka esan eustan:
— Begiratu eper familia horri, isilik eta geldi egon, eta azalduko deutsut une honetan zer dabiltzan egiten.

Eguzkia giroa berotzen hasi zan, kamuflajeak eskatzen eban geldotasuna eramangarriago eginez. Eper koloretsuak eguzkitan egozan, lumajea puztuz beroa gorputzera sartzeko.
Isilka azaldu eustan:
— Familia honek, hiltzeko mehatxuaren aurrean, hemen batzea erabagi dau azken jarraibideak eta abisuak berrikusteko. Gero, kume bakotxa bakarrik joango da.
Ez dot esan beharrik “Artista”k beti daukala jenioa, eta ohore handia dala noizean behin bere behaketa eta jakinduria bikainakaz partekatzeko aukera emoten deustala.
— Ikusiko dozu oso hunkituta dagozala, eta elkar igurzten eta mokoak batzen dabezala. Gurasoek orain gogorarazten deutsez azken hilabeteetan ikasitako ikasgaiak.
Mahastizainak mahastiak lantzen ebezanean eta traktoreak bazter guztietan burrunban ebenean, orduan kontatu eutseen euren patuaren errealitaterik beldurgarriena: ehizatuak izatea. Orduan jaso eben lehenengo aholku hau:
“Mahastietan lanak egiten ikusten dozuezan tokietan, ez kantatu; gero ehiza sasoia heltzen danean, tresnak eskopetagatik aldatzen dabez eta eper kantua entzun eben tokietara doaz ehizan”.
Kumeak korrika txikiz mugitzen ziran, eta azkenean gurasoengana itsasten ziran kolorezko multzo bat eginez. Tiro bakotxagaz, taldea gehiago estutzen zan. Ahots itzal eta misteriozkoagaz Artistak esan eustan:
— Badakizu nik entzun eta ulertu egiten dodala esaten dabena, artistek bakarrik daukagun gaitasunari esker; baina agian ez dakizu zu be entzunarazi eta ulertarazi ahal dotzudala.
Orduan manta urdin turkesa apur bat mugitu eban, ni be estaliz. Zeintzuk ziran manta fantastiko haren ahalmenak? Ez dot inoiz jakingo, baina haren azpian sentitu neban une hartan unibertso osoa eperrak berbetan egozan lur zatian bildu zala.
Nire zentzumenek sortzen ziran uhin guztiak jasoteko gaitasuna euken.
Zelako miraria! Haien elkarrizketa entzun eta ulertzen neban!
Artistari begiratu neutsan harrituta, eta begi-keinu bat egin eustan xuxurlatuz: “artisten kontuak”.
Kontzentrazino mentalaren indarrak aukera emon eustan eper familiak bizi eban une dramatiko izugarria ulertzeko. Gurasoek azken aholkuak emoten ebezazan bizirauteko, eta baita be aukera handia egoala barriro danak osorik ez elkartzeko.
Tiro bakotxagaz dardara handitzen zan, eta gurasoek aholkuak indartzen ebezazan.
Esaten eutseen heriotza mota hori hegaztien patuan idatzita dagoala, gizakiak beti ehizatu izan dauelako: lehen biziraupenerako, orain zaletasunagaitik.
Udan ikasitako trebetasunak eta biziraupen sena gogorarazten eutseen. Indartsuak, ederrak eta ausartak ziran, eta sasoi honek negu tarte bat baino ez eban irauten, gogorrena izan arren.
Berba nahasi artean, salbatzeko konponbide zehatzak eskatzen ebezazan. Eurek proposamenak emoten ebezazan, baina ez ziran baliagarriak, inoiz ez zutelako ezagutu eskopetak eta hezitako txakurrakaz ehizatzen eben gizakirik.
Batek proposatu eban lumaje koloretsua lokatzetan estaliz itzaltzea. Aitak baztertu eban ideia, txakurren arma nagusia usaimena dala esanez.
Beste batek esan eban agian onena orujo pilen artean ezkutatzea eta gauez bakarrik jatea. Usain sendoak txakurrak nahastuko ebazala. Aitak esan eban arriskutsua zala, usainagaitik gaixotu leitekeelako.
Beste batek proposatu eban txakurra aurkitzen ebanean gainera salto egitea; ehiztariak ez leukela tiro egingo bere txakurra ez hiltzeko. Denek uste eben ideia txarra zala.
Beste batek elizako kanpandorreko usoen artean kamuflatzea proposatu eban, baina aitak erantzun eban eper kontuetan apaizak be eskopeta daukala.
Amak lumak txukuntzen eta buruan pikoka ziharduan.
Beste batek untxien zuloetan ezkutatzea esan eban, baina berehala baztertu eben.
Azkenik, oilategietan ezkutatzea proposatu eban kume batek. Gurasoek ez eben eragozpen handirik ipini, baina ohartarazi eben katu eta arratoi asko egoten dirala.
Haizeak mugitutako lore sorta bat
Tiroak alde guztietatik entzuten ziran; batzarra bukatu beharra egoan. Elkarrekin egoteko indarra banatzekoa baino handiagoa zan.

Gurasoek ahalegina egiten eben azken aholkuak ahalik eta eraginkorren emoteko:
– Hurbildu herrietara, inguruan ehiza debekatuta dagoalako.
– Aukeratu altuerak, handik txakurren eta ehiztarien norabidea ondo bereizteko.
– Gogoratu “lasterkariak” deitzen deuskuezala, distantzia handiak egiteko indar handia daukagulako. Korrika egin beti, eta hegan altxau beste aukerarik ez dagoanean bakarrik.
– Ez kantatu denbora honetan guztian; eta egun oso gogorren ostean eguzki izpi batek malda bat berotzen dauanean be, tentazinoa gainditu. Ez kantatu.
– Bizi zaitezte arreta deitu barik, eta arrastoak ezabatzeko lekuz maiz aldatu.
– Ez kikildu eguraldi txarreko egun eta gauakaz eta janari urritasunagaz; lur eta klima honetan bizirauteko prest zaudee.
– Gogoratu laino egunak aprobetxau leikiezala mugitzen ibiltzeko, egun horreetan ehiza debekatuta dagoalako.
– Naturaren zori-jokoetan eta ehiztarien jazarpen nekaezinaren aurrean, zorterik onena opa deutsuegu.
Ondoren, gurasoen inguruan batu ziran, indarrez lurra zapalduz eta gorputza tente. Burua ahalik eta gehien altxau eben, moko gorriak haizeak mugitutako lore sorta baten antza hartuz.
Agur dantza xarmagarri baten antzekoa zan, etorkizun zalantzazko eta mehatxagarri baterako agurra iragarriz.
Amak azkenengoz zuzendu jaken:
— Guraso lez, ezin deutsuegu esan gure gordelekura etorri zaitezenik, ez dalako segurua; sasoi bakotxean beldur gara aurkitu eta hil egingo gaituela. Zeuen ezkutalekua bilatu behar dozue. Seguru asko, gurea baino adimentsuagoa izango da.
“Gu zaharragoak gara, eta gure gaitasunen arabera eskuragarriena danari heltzen deutsagu. Zuek gazte eta indartsu zaree, eper-kume gazteen indar eta ahalmenagaz libre jarraitzeko”.
“Orain aita almendra horretara igoko da, eta ingurua ehiztaririk barik dagoan ala ez iragarriko dau. Gero airera jaurti zaiteze, eperrek bakarrik dakien moduan, eta beti bananduta egon. Bakotxak bere patua bilatu behar dau”.
Alkarregaz jarri ziran lurrean, lumajea harrotu, eta hegoak astinduz hautsa altxau eben, taldea lurrez bataiatuz eta nahastuz. Agurra zan. Betiko artekoa.
Amaren azken berbak honeek izan ziran:
— Seme-alaba maiteak, negua bizirik gainditzen dogunok, udaberrian leku honetan barriro alkartuko gara. Orduan etorri egunero, gugandik zenbat heldu garan jakiteko.
Aita almendrara hegan joan zan. Kumeek abiatzeko posizinoak hartu ebezan, eta emozinoak hautsitako kantuagaz, azkenean agindu eban:
— Orain!
Gezi lez urten eben zazpi eper-kume ederrek, energiaz eta biziraupen senaz beterik.
Indar erakustaldi batean, eta heriotzaren beldurrak euren adorea makurtzen ez ebala adieraziz, hegaldi hots zirraragarriagaz arku formako ilaran kokatu ziran.
Kolore biziko zazpi puntu mugikorrek, une batez, ortzadar fin-fina marraztu eben zeruan, eta apurka-apurka lausotuz joan ziran zazpi norabide desbardinetan urruntzen ziran bitartean.

Gurasoek desagertzen ikusi ebezanean, urduri pikoka hasi ziran. Oraindik tarte bat hartu eben eurekaz bizi izan eben zorionaz gogoratzeko, eta barriro ikusiko ebezela sinesteko indarra sendotzen eben.
Gurasoek desagertzen ikusi ebezanean, urduri pikoka egin eben. “Konfiantza izan eurengan”, esan eban aitak. “Hain gazteak dira!”, erantzun eban amak.

Eta berbarik barik, norabide bitan alde egin eben, aurreko sasoian bezala ardi-kortan barriro elkartuko zirala jakinda.
Batu ziran lurrean bertan, euren oin aztarnen markak grabatuta gelditu ziran.
Artistak manta kendu, eseri egin zan, eta tonu arruntean galdetu eustan:
— Ulertu dozu ikusi barri dogunetik zerbait?
Erantzun neutsan:
— Dana. Eta nire barruan sortu da maitasun eta ulermen sentimendu indartsu bat hegazti eder honeen bizitzarekiko. Beti maite eta miretsi izan dodaz, baina hemendik aurrera are gehiago hunkituko naz landan ikusten dodazanean eta euren kantua entzuten dodanean.
Eskertu neutsan bizi izan neban esperientzia zoragarri hura bizitzeko aukera emoteko izan eban adeitasuna; eta aurrekoetan lez, modu diskretuan agurtzen ginan ohiturari jarraituz, isiltasun ezagunak errespetatu nituan bera manta bildu eta belar hondarrak astintzen ebazan bitartean.
Hau baino ez eustan esan:
— Nekealdi-lagun agurgarria, desiratzen dot alkarren barriro ikusten jarraitzea hain maite dogun Arabako lur honetan; eta, izar eta asteroide guztiek baimentzen badabe, oraindik erakutsi behar deutsudaz bere geografiaren bizitasunak gordetzen dituan beste txiki-handitasun batzuk.
Buelta erdia emon, kapa besapean hartu, eta aldapan behera joan zan, jantzi koloretsuen arrastoa atzean itxiz.

Itzulera hasi neban, bizi izan nebanaren oroitzapen goxoak barrua hartuta. Tiroen hotsak beti eragin izan deustan arren izu apur bat eta errukia, oraingoan entzuten nituanak gelditzera behartzen ninduen, tiroa bota ebanak huts egin ete eban ala ez egiaztatzeko. Hutsa eskatzen neban barru-barrutik.
Eltziego herrira bueltan, berdez jantzitako gizon bat ikusi neban, eskopeta ikaragarriaz, lokatzetan blaitutako txakur bategaz. Bizkarraldetik ehizatutako bi eper eder zintzilik eroazan.
— Egun on! —esan eustan.
— Eper horientzat eta niretzat ez! —erantzun neutzon.
Eta urrundu zan oinez, Arabako naturaren bi altxor eder haien gorputz hilak, zintzilik eroanez.

Egilea Elorriaga Zubiagirre







